EAko Berme Batzordearen "manipulazioa" salatu du Maiorga Ramirezek

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 24a, 07:57

Idazkari orokor izateko hautagai alternatiboak, alderdiko Berme Batzordeko bi kideren bazterketa leporatu dio Eba Blanco hautagai ofizialari. Kezka eta haserrea azaldu du Maiorga Ramirezek, zuzendaritzak hartutako erabakiekin.

Eusko Alkartasunako lerro ofizialeko eta ildo alternatiboko kideen arteko tirabirak ez du etenik. Idazkari orokor izateko lehiatik apartatu duten Maiorga Ramirezek, sektore ofizialaren jarrera salatu du alderdiko Berme Batzordea manipulatzen ari direlako. Komunikatu batean azaldu duenez, Eba Blanco, hautagai ofizialak, 2017ko EAren nazio Kongresuan hautaturiko Berme Batzordeko bi kide baztertu ditu. Hain zuzen, Ramirezek, batzorde honengana jo du bere hautagaitza onartuta izan ez dela salatzeko.

Diziplina espedienteak eta “afiliazioarentzat eta herriarentzat erreferente politiko bat den” Garaikotxea lehendakaria, isilpean mantentzeko gonbidapenak salatu ditu Maiorga Ramirezek, baita  afiliazioaren eskubideak defendatzeagatik, kongresu nazionalean eta lurralde batzarretan hautatutako organoak jazartzea eta eraistea ere. “Blancok eta sektore ofizialak, neurri errepresiboekin eta mehatxuekin isilarazi nahi dute Eusko Alkartasuna EH Bildun desegiteko eta alderdi gisa desagertzeko ildo estrategikoarekin bat egiten ez duen oro" adierazi du Ramirezek.

Egoera horren aurrean, Maiorga Ramirezen hautagaitzak "zuhurtziaz jokatzeko eta afiliazioari Idazkaritza Nagusiko kargua eta alderdiaren etorkizuna bete behar dituen pertsona aukeratzea dagokiola aitortzeko" deia egin du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!