Nafarroako Gobernuak hainbat ekitaldi kultural eta instituzionalekin ospatuko du 2019ko Nafarroaren Eguna. Ospakizunak abenduaren 3an amaituko dira, Nafarroaren Egunean hain zuzen ere, Nafarroako Urrezko Domina emanez. Foru Gobernuak 169.000 euroko aurrekontua bideratu du ospakizunetara, iazko diru kopuru bera.
Azken urteetan bezala, aurten ere doako bisita gidatuak izanen dira Nafarroako Jauregian. Bisitak, gaztelaniazko eta euskarazko azalpenekin, azaroaren 25etik abenduaren 1era eginen dituzte. Astegunetan arratsaldez, eta jai egunetan, goizez eta arratsaldez.
Sarrerako bideo baten pantailaratzearekin hasten da bisita, eta ondoren, honako gela hauetan zehar egiten da ibilbidea: Areto Berdea, Areto Instituzionala, Bilkura Aretoa, Kapera eta tronuaren Aretoa.
Ekitaldi instituzionalak azaroaren 19an hasiko dira, Foru Komunitateari baliozko objektuak (pinturak, pieza arkeologikoak, dokumentuak, liburuak, eta abar) eman dizkioten pertsona eta erakundeei aitortza eginez. Azaroaren 25ean Gazteen Sariak banatuko dira, eta azaroaren 27an Kirol Merituaren Dominak. Hiru ekitaldi horiek Nafarroako Jauregian eginen dituzte.
Ekitaldi instituzional nagusia abenduaren 3an eginen dute, 12: 00etan, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak Foru Erkidegoko agintariei eskainiko dien harrerarekin, Kultura eta Kirol Departamentuko klaustro isabelinoan. Ekitaldi horretan, 2019ko Nafarroako Urrezko Domina emanen dute, eta, bigarren urtez jarraian, prozesu parte-hartzaile baten bidez emanen da.
Musika-emanaldiak
Musika emanaldiak azaroaren 24an hasiko dira, 18: 00etan, Erriberako hiriburuko Gaztanbide Antzokian eginen duten Tuterako Joten Lehiaketarekin.
Gainerako musika ekitaldiak abenduaren 3an bertan izanen dira. Kronologikoki, 12: 30ean hasiko da Nazioen Jaialdia, Nafarroako beste herrialde batzuetako elkarteen eskutik, Iruñeko Gaiarre antzokian.
Ondoren, 13: 00etan, Nafarroako eta Foru Erkidegoko ehun bat herritan, Nafarroako abesbatzak, musika bandak eta Nafarroako beste talde artistiko batzuen kontzertuak izanen dira, doan. Ikuskizunak Nafarroako ereserkiaren interpretazioarekin hasiko dira, eta egitarau zehatzekin jarraituko dute.
Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Baluarten 20: 00etatik aurrera eskainiko duen kontzertu nagusiarekin osatuko da programazioa.