Urtarrilean hasiko da Osasunaren futbol partiden iruzurraren epaiketa

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 23a, 08:57

Nafarroako lurralde auzitegiaren bigarren atalak urtarrilaren 16an ezarri du Osasunaren partiden iruzurren gaineko epaiketaren hasiera. Akusatuen artean Miguel Archanco, talde gorritxoaren presidente ohia, Angel Vizcay gerentea eta zuzendaritzan aritutako beste kideak izanen dira. 2 eta 14 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatzen dizkie fiskalak bidegabeko diru jabetzea eta partidak erostea leporatuta.

Hilabete terdiko epaiketa aurreikusten du Nafarroako Auzitegiak. Astelehenetik ostegunera, astero izanen dira saioak. Mahai gainean 2013-2014 denboraldiko amaierako partidak izanen dira. Angel Vizcay gerenteak aitortuta eta fiskaltzaren akusazioaren arabera, Osasunako zuzendaritzak Betiseko jokalariak ordaindu zituen, Valladoliden kontrako partida irabazi eta Osasunaren aurka galtzearen truke. Modu honetan, Osasunak bigarren mailarako jeitsiera ekidin zezakeen, gero lortu ez bazuen ere. Ikerketen arabera, Osasunak 2.4milioi euro bideratu zituen Betiseko jokalariak erostera.

Akusatuen eserlekuetan Betiseko Antonio Amaya, Jordi Figueras eta Xavier Torres jokalari ohiak izanen dira, bi urteko kartzela zigorra eskariarekin. Miguel Archanco, Osasunako presidente ohiari eta Angel Vizcay, gerente ohiari, 14 urteko kartzela zigorra eskatzen dizkie fiskaltzak. Haiekin batera izanen dira ere, zuzendaritzako kdie ohiak diren Juan Pascual eta Sandro Bandres (11 urteko kartzela zigor eskariarekin), Osasuna Fundazioko Diego Maquirriain (4 urteko kartzela zigorra) eta Cristina Valencia eta Albert Nolla bitartekari lanak egiteagatik.

Lekuko moduan Javier Tebas, futbol Ligako presidentea, Sisinio Osasunako jokalari ohia, Javi Gracia entrenatzaile ohia eta Martinez Munuera eta Alvarez Izquierdo epaileak ere izanen dira.

Lurralde auzitegiak iragarri duenez, partiden iruzurraren auziaren ostean, zergak ez ordaintzeagatik ireki beharreko epaia ere eginen dela. Udaberrirako espero da prozesu hau eta horretan ere, Osasunako zuzendaritzako kide ohiek, espetxe zigor eskaera altuak izanen dituzte.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!