Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2020an Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko azterketen deialdia onartu du. Azterketa egin ahal izateko matrikula epea azaroaren 25etik abenduaren 19ra bitartean izanen da eta zehaztutako tasa 26 euro da.
Eskaerak Hezkuntza Departamentuko erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo bestelako erregistroetan aurkeztu ahal izango dira.
Azterketaren lehendabiziko froga otsailean izanen da.
Azterketak hiru proba izanen ditu: atarikoa, idatzia eta ahozkoa. Atariko probak hizkuntza baliabideen inguruko test moduko 80 galdera izango ditu; idatzian, bi idazlan osatu beharko dira 180 hitzeko bat eta 250 hitzeko argudiozko edo azalpenezko testu bat. Azken proban, ahozkoan, testu batetik abiatuta bost minutuko azalpena eman beharko da eta 10 minutuko solasaldi bat.
Ziurtagiria lortzeko beharrezkoa da hiru probak gainditzea.
Azterketen data zehatzak eta deialdiaren inguruko informazioa www.ega.navarra.es eta www.navarra.es webguneetan kontsultatu daiteke.