Nafarroako Auzitegiak urriaren 29an eztabaidatuko du 'Manadak 'egindako grabazioen inguruan

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 22a, 13:38

2018ko apirilean, Auzitegiak absolbitu egin zituen delitu horretatik, epaiketan egindako frogak baloratu gabe.

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak iragarri du urriaren 29an eginen duela 2016ko Sanferminetako talde bortxaketagatik zigortutako bost kideei egotzitako intimitatearen aurkako delituari buruzko eztabaida.

2018ko apirilean, Auzitegiak absolbitu egin zituen delitu horretatik, epaiketan egindako frogak baloratu gabe. Erabaki hori baliogabetu egin zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak, eta Auzitegiari delitu horri buruzko epaia emateko agindu zion.

Eztabaida ez da publikoa izanen. Ateak itxita eginen dute. Ondoren, Nafarroako Auzitegiko Bigarren sekzioko hiru magistratuek epaia emango dute, taldeko bortxaketan zigortutako bost lagunetako bik egindako grabazioei buruz soilik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.

Joan den ekainean, Auzitegi Goreneko Zigor Arloko Salak akusazioen helegiteak aintzat hartu zituen, eta Jose Angel Prenda, Angel Boza, Jesus Escudero, Antonio Manuel Guerrero eta Alfonso Jesus Cabezuelo akusatuak zigortu zituen, bortxaketa-delitu jarraitu baten egile izateagatik, eta 15 urteko espetxe-zigorra ezarri zien bakoitzari, tratu iraingarria eta bi pertsona edo gehiago batera aritzea egotzita.

Gainera, Antonio Manuel Guerrero auzipetuari, larderiaz egindako lapurreta baten egile gisa, bi urteko espetxe zigorra ezarri zion. Era horretan, Gorenak aldatu egin zuen Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioaren kondena, NJANko Arlo Zibil eta Penaleko Salak berretsitakoa, prebalentziadun sexu abusuaren delitu jarraitua eta ebasketa delitua egotzita, hurrenez hurren.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!