Maria Txibite presidenteak jakinarazi du Nafarroako Gobernuak ez diola helegiterik jarriko Euskararen Foru Dekretuaren zenbait artikulu deuseztatu duen Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiari. "Segurtasun juridikoa aztertu" dutela adierazi du, baina hura "ez zegoenez bermatuta", helegiterik ez aurkeztea erabaki dute.
"Gobernu osoak" babestu duen erabakia izan dela azpimarratu du Txibitek. Adierazi duenez, gainera, lantalde bat lanean ari da epaiak sortu duen "hutsune legalari" irtenbide "normatiboa" emateko; alegia, euskararen araudi berri bat ezartzeko.
Halaber, gaur goizean Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetarako batzordeak mozio bat deuseztatu egin du, foru gobernuari eskatzeko "administrazio publikoetan, haien erakunde autonomoetan eta menpeko zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen dekretuaren aurka emandako epaiari helegitea jartzeko, legealdi honetarako akordio programatikoak jasotako gizarte eta lurralde kohesioaren defentsan jarduteko, baita hizkuntza eskubideei dagokienez ere".
Navarra Sumaren eta PSNren kontrako botoekin atzera bota dute ebazpena; Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak, berriz, alde bozkatu dute, eta Podemos abstenitu egin da.