Jarrera kontrajarriak, Kataluniako egoeraren eta politikari eta ekintzaile katalanen kontrako epaiaren aurrean. Bi adierazpen instituzional izan dira Parlamentuko eledunen mahaiaren gainean, Navarra Sumarena eta EH Bildurena. Koalizio eskuindarrarenak soilik egin du aurrera, PSNren babesarekin.
Hain zuzen ere sozialisten ezetzak ekidin du beste adierazpenaren onarpena. Adolfo Araizek azaldu duenez, epaiaren kontrako ebazpena zen haiena, preso politikoen askatasuna aldarrikatzen zuena. Kataluniarren autodeterminazio eskaria modu baketsu eta demokratikoen bidez aurrera eramatea izanen da gatazkarendako irtenbide bakarra, EH Bilduko eledunaren iritziz.
Elkarrizketa ere eskatu du Geroa Baik. Uxue Barkosen iritziz, azaroaren 10eko hauteskunde orokorrak gehiegi ari dira baldintzatzen konponbidea. Alderdikerietatik atera eta negoziazioaren bitartez, konponbide politikoa aldarrikatu du Barkosek.
Zentzu berean mintzatu dira Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerra. Elkarrizketa eta negoziazioa eskatu dute Mikel Builek eta Marisa de Simonek.