Polizien elkarretaratzea Iruñean, kataluniarrak kolpatzen ari diren kideak babesteko

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 21a, 13:20
Gaurko elkarretaratzearen irudia, Navarra Televisionek Twitterren zabalduriko bideo batetik hartua.

“Indarkeriaren aurrean sendotasuna" eskatu dute, hainbat polizia sindikatuk antolaturiko ekitaldian

Elkarretaratzea SUP, CEP, UFP eta SPP sindikatuek antolatu dute. Eguerdian, Chinchilla jeneralaren kalean elkartu dira, Espainiako Polizia Nazionalaren Buruzagitza Nagusiaren aitzinean hain zuzen ere.

Poliziekin batera, elkarretaratzean Nafarroa Sumako hainbat ordezkarik hartu dute parte. Haien artean ziren Iruñeko alkate Enrique Maia eta talde parlamentarioko zenbait kide. Denon artean txalo zaparrada eskaini diete Kataluniako herritarrak kolpatzen ari diren poliziei.

Elkarretaratzera deitu duten sindikatuen izenean, Eduardo Garciak, SUPeko ordezkariak, ohar bat irakurri du. Horretan sindikatuek nabarmendu dute "beharrezkoa" dela zabaldutako agenteekiko "errekonozimendu keinu hori", "Bartzelonako eta beste hiri batzuetako kaleetan iragan astean bizi izan ziren indarkeria eszenen ondoren".

Are gehiago, haien oharrean terrorismo hitza erabili dute: "Ezin hobeto antolatutako eta koordinatutako taldeek kaleko terrorismo-estrategia bat jarri dute martxan, polizia nazionalen bat hiltzea bilatzen zuena, erabilitako bitartekoak eta taktikak erabilita”..

Espainiako Barne Ministerioari "berehalako giza errefortzuak" eskatu dizkiote, eta "ordena publikoan ezinbestekoak diren materialak erabiltzeaz gain, ur kamioia, tanketak edo BMR ibilgailuak". Era berean, "hainbesteko iraupena ez duten lanaldiak" eskatu dituzte. "Baina, batez ere, irmotasuna eskatzen dugu. Kaleko terrorismoaren kudeaketan ez da nahikoa euste-jardun polizial bat, hainbeste orduz hiri bat bortitzen esku uztea. Istilua gertatzen den tokian esku hartu behar da, eta Espainiako beste edozein tokitan egingo litzatekeen teknika eta irmotasun berarekin egin behar da ", azaldu dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!