Ehunka euskaltzalek berdintasuna eta justizia eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 21a, 07:44

Ausardia eskatu zioten Gobernuari, euskararen dekretuaren kontrako epaiaren aurrean, euskaldunen hizkuntz eskubideetan atzerapausorik egon ez dadin. Ehunka lagun, milatik gora, bildu ziren larunbat eguerdian, Kontseiluak eta euskalgintzak deituta Nafarroako Jauregiaren aurrean egindako elkarretaratzean.

Elkarretaratzearen ostean, Kontseiluko Paul Bilbaok, ELA sindikatuko Imanol Pascualek eta LAB sindikatuko Imanol Karrerak hartu zuten hitza. Bilbaok ausardia eskatu zion behin ta berriz Maria Chiviteren Gobernuari, epaiak sortutako egoerari aurre egiteko. “Uneotan soilik bi bide ditu Gobernuak, bereizkerian eta gehiegikerian oinarritutako iraganeko politiketara itzultzea, edo benetan berdintasuna, kohesioa eta justizia ardatz izango dituen politika bat abiatzea”.

UGT sindikatuaren jarrera salatu zuten Pascualek eta Karrerak, “Paradoxikoa da teorian eskubideak zaintzeko egon behar lukeen erakunde batek hizkuntz eskubideak bermatzeko neurrien kontra egitea”, adierazi zuten. Hiru bozeramaleek, berehalako neurri bezala, epaiaren kontrako helegitea aurkeztea eskatu zioten Gobernuari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!