Paul Bilbao: “Gobernuari ausardia eskatzen diogu, epaiak ez baitu ezer debekatzen”

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 14a, 11:37

  • Errotulazioa elebitan egiten eta oposizio-lehiaketetan euskara baloratzen jarrai daitekeela azaldu du Bilbaok Euskalerria Irratian.
  • Larunbatean, hilak 19, 12:00etan, elkarretaratzea eginen dute Nafarroako Jauregiaren aitzinean, Kontseiluak deiturik. 

“Gure eskaera hitz bakarrera ekar dezakegu: Nafarroako Gobernuari ausardia eskatzen diogu”. Hala laburbildu du larunbateko elkarretaratzearen xedea, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, gaur goizean, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan. Hitzordua 12:00etan, Nafarroako Jauregiaren aitzinean.

“Epaileei mezua zuzentzeak ez du inolako zentzurik, helegitea aurkeztu duten horien jarrera ere ikusi dugu nolakoa den, horregatik erabaki dugu modu proaktiboan eskatzea gobernuari jarrera proaktiboa izan dezala, ez dezala egin epai murritz horren irakurketa are murritzagoa”, azaldu du Bilbaok.

Errekurtsoa aurkezteaz haragoko eskaera da Kontseiluarena: “Helegitea keinu bezala ulertzen dugu. Gobernu honi badagokio kasazio helegitea aurkeztea. Baina guk ere badakigu Justizia ez dela justua. Eta Nafarroako Auzitegia hizkuntza eskubideetan gure aurka jokatzen duela”.

Gauzak horrela, helburua beste bat da. “Epaiak ez du ezer debekatzen. Ez du uzten derrigortzen, baina ez du debekatzen. Beraz, jarrai daiteke errotuluak eta argitalpenak eta abarrak elebitan egiten. Eta lanpostuetan ezin izango da euskararen balorazioa automatikoki aplikatu. Lana eskatuko du, baina lanpostuz lanpostu arrazoitu ahal izango da zergatik baloratzen den euskara”., azaldu du Bilbaok. Eta horixe da gobernuari eskatzen diotena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!