Agerraldia egitasmoa sortu du Errigorak, 'Ager vasconum'-ean euskara indartzeko

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 14a, 11:29

Euskara ikasteko eta erabiltzeko espazio berriak sortzeko helburua du proiektuak.

Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, Ager Vasconum deitzen den eremuan —"Cortestik Garesera eta Vianatik Zanogozara"— euskara sustatzeko eta euskaldunen, euskaltzaleen eta eragileen arteko sareak sortzeko helburuarekin Agerraldia egitasmoa sortu du Errigorak. Larunbatean aurkeztu zuten, Tafallan. Goizean, Errigoraren saskiak prestatzeko auzolan erraldoia egin eta gero, kalejira, dantzariak eta musikariak izan zituzten; ondoren, herri bazkaria egin zuten, eta arratsaldean, berriz, kontzertuak izan zituzten.

Agerraldia proiektuak hiru helburu nagusi izango ditu: batetik, euskaltegietatik eta ikastoletatik harago euskara ikasteko espazioak sortzea; bestetik, euskararen aldeko jarrerak bultzatzea, eta, azkenik, euskararen erabilerarako eremu berriak sortzea. “Finean,  euskara bultzatzea, indartzea eta hura garatzeko espazioak berreskuratzea”, antolatzaileen hitzetan.

Urriaren 29an hasiko da Errigoraren Euskarari puzka kanpaina, zazpigarren urtez. Antolatzaileak “pozik” agertu dira urteotan kanpaina horri esker lortutakoarekin, baina kezka bat adierazi dute: “Kanpaina amaitzen bada, zer geratuko da zonaldearen euskalgintzan?”. Hain zuzen, kezka horretatik abiatuta sortu dute egitasmo berria, eta aurrera begira Agerraldiak talde gisa jardungo duela azaldu dute.

Aurtengo saskien salmentarekin lortutako diruaren zati bat Agerraldia proiektuarentzat bideratuko dute, eta AEK-k, Ikastolen Elkarteak eta Sortzen-ek ere egingo diote ekarpena egitasmoari.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!