Aurrekontuak negoziatzeko eskatu dio EH Bilduk gobernuari

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 11a, 14:16

  • EH Bilduk une politikoaren balorazioa egin du.
  • Aurrekontuen negoziaketan elkarrizketarako prest agertu da.
  • PSN eskuinarekin lerratzen ari dela salatu du.

Nafarroako egungo egoera politikoaren irakurketa egin dute EH Bilduko Bakartxo Ruizek eta Adolfo Araizek. UPN zein PSN azken hilabete eta asteetan hartzen ari diren jarrerak salatu dituzte, eta irmoki berretsi dute Nafarroako Gobernuaren inbestiduran hartu zuten bidearekin aurrera jarraituko dutela: oposizioa egingo dutela, baina “konpromisorik gabe, aurreko legegintzaldian hartutako ildo politikoa jarraituz, eta atzerapausorik onartu gabe”.

PSN “anbiguotasunez” jokatzen ari dela salatu dute, eta ez dela gai izaten ari "eskuinaren erasoei" aurre egiteko. Sozialistek hartutako jarrera kritikatu dute, besteak beste, Ikurren Legearen, euskararen dekretuaren edota ondare enpresarialen gaineko zergen auzietan. Alde horretatik, “kezka” adierazi dute gobernuan PSNren politikak gailentzeko aukerarengatik.

Navarra Sumaren kasuan, azken asteetan “frustrazioa” erakusten ari dela uste dute, besteak beste, Iruñerriko Mankomunitatearen eta Udal eta Kontzejuen Federazioaren presidentziak lortu ez izanagatik: “Ez dute onartzen erregimena instituzioetatik ateratzen ari garela”. Horren ondorioz etorri dira, haien irudiko, Atarrabiako jaietako txupinazoan sortu zuten polemika edota Iñaki Iriartek atzo Nafarroako parlamentuan elkarbizitzaren inguruan egindako interpelazioa.

Bestalde, aurrekontuei dagokionez, adierazi dute jendarteari begirako aurrekontuak eta politika sozialak lehenetsiko dituztela, eta “ezinbestekotzat” jo dute gobernuak EH Bildurekin negoziatzea. Alde horretatik, elkarrizketarako prest agertu dira, eta gogorarazi dute beste aukera Navarra Sumarekin negoziatzea dela. 

Azkenik, gaur Iruñean izan den Pablo Casadori zuzendu zaizkie, esanez ez dezala Nafarroa “instrumentalizatu”. “Nafarroan nafarrok erabakiko dugu”. Casadoren bisitaren helburua da, EH Bilduko parlamentarien hitzetan, “erakustea nork agintzen duen Navarra Suman: alderdi popularrak”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!