"Haserre gaude, bai, oso haserre, baina orain Gobernuari ausardiaz joka dezala eskatzeko unea da” adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko odezkariak, “Justizia, kohesioa eta berdintasuna ardatz dituen gizarte bat eraikitzeko urratsak egin eta ausardia izan dezala eskatzeko bilduko gara urriaren 19an, larunbatarekin, eguerdiko hamabietan, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean" iragarri du Kontseiluko ordezkariak.
Kontseiluko eledunak azaldu du epai murritza izan arren, debekurik ez duela ezartzen eta, beraz, ausardia eskatu dio Gobernuari beste garai bateko “hizkuntza-politika ilunetara” ez itzultzeko. “Epaiak dioen bezala, ahal terminoaren alde positiboa ulertu behar dute instituzioek; hortaz, legeak ezarritako eremu mistoan eta ez-euskaldunean neurriak hartzen jarraitu ahal dute, langileen euskara-gaitasunak baloratzen zein euskararen erabilera orokortuan. Iruñeko alkateak aurreratu du epaiaren irakurketa murritza aplikatuko duela; Gobernuak berdin jokatuko du?" galdetu du Bilbaok. Horrekin batera, Kontseiluko eledunak Gobernuari koherentziaz jokatzeko eskatu dio, bai eta kasazio-helegitea tarteratzeko ere.
Hartara, epaiaren eta Gobernuak egingo dituen urratsen berri emango dio Kontseiluak Europako Kontseiluari: "Eurogutunak ezarritakoaren kontra doa eta bertako konpromisoak ez betetzea litzateke epaiaren irakurketa murritza egitea", azaldu du.
Bilbaok, UGTren jarrera ere salatu nahi izan du. "Euskararen aldeko neurri guztiak jarri dituzte auzitan. Epaileek berek ohartarazi diote ikuspegi juridikoaz haratago, ikuspegi eta arrazoinamendu politikoak erabili nahi izan dituztela. Izan ere, zein lotura dauka errotulazioa edo inprimakiak ele bietan egoteak langileen eskubideekin? Oso kezkagarria da garai ilunetako euskara ez ikusteko balizko eskubidea berpiztu izana", gaitzetsi du Bilbaok.