Auzitegi Gorenaren epaia baloratzeko agerraldia egin dute Altsasuk Gurasoak eta Altsasukoak Aske taldeetako kideek, Iruñeko Katakraken. Txalo eta oihu artean hartu dituzte bertaratutakoek, eta haiek suminduta, haserre mintzatu dira. Epaia “astakeria eta zentzugabekeria” dela salatu dute, justizia ekarri beharrean, “injustizia baieztatu” eta “muntaia mantendu” duena.
“Sufrimendua luzatu eta auzi honen salbuespena indartu eta baieztatu du erabaki honek. Injustizia apaindu nahi bazuten, ez dute lortu; hau astakeria eta zentzugabekeria da”, adierazi du Izaskun Etxeberria Altsasukoak Aske plataformako kideak.
Azken hiru urteotako prozesuaren ostean, eta Auzitegi Nazionaletik zein apelazio epaitegitik igaro ondoren, Espainiako justizia sisteman itxaropenerako izan zezaketen azken zirrikitua zen gorenak atzo kaleratu zuen epaia. Baina, gaurko agerraldian nabarmendu duten moduan, epaiak itxaropenak zapuztu, eta zigorrak baieztatu ditu, erabakia irmoa baita; behin betikoa: “Terrorismorik gabe, diskriminazio idelojikrik gabe, baina sekulako kartzela zigorrak ezarriz, erabat neurriz kanpokoak”.
Erabakiak “muntaiaren helburu ilunak” mantendu nahi dituela ere salatu dute, auziaren salbuespen izaeraren atzean parte-hartze politiko, mediatiko eta judizialak baitira, haien hitzetan.
Bestalde, eskertu dute hiru urte hauetan izandako elkartasuna; gizartearen salaketari, mobilizazioari eta borrokari esker lortu baita, haien ustez, terrorismoa eta diskriminazio ideologikoa baztertzea.
Alde horretatik, aurrera begira ere mobilizatzen jarraitzeko deia zabaldu dute. Lehenengo elkarretaratzea urriaren 26an, larunbatarekin, izango da, arratsaldeko 17:00etan, Iruñeko Justizia Auzitegiaren aurreko plazan.
Era berean, azarorako hainbat ekimen ari dira prestatzen, gazteak espetxeratu zituztela hiru urte beteko baitira azaroaren 14an.
Azkenik, atzoko kolpea barneratuta, dagoeneko aurrera begira daudela ziurtatu dute, fase berriari begira, gazteen kartzela-baimenetan pentsatzen. Eta, halaber, justiziaren bideetatik ere aurrera jarraituko dutela ziurtatu dute, eta Auzitegi Konstituzionalera zein Estrasburgora joko dutela.