Abokatu iruindarrak nabarmendu nahi izan du oraindik ez duela astirik izan epai osoa irakurtzeko, laburpena besterik ez duela ikusi. Nolanahi ere, gainontzeko gazteen abokatuekin mintzatu da, eta besteek ere balorazio ezkor bera egiten dute. “Ongi baloratu behar dugu egin den beherapena, batez ere gehien eragin dien pertsonei. Baina esan genuen Gorenera gindoazela proportzionaltasuna bilatuz, eta kausatik kanpo dauden interesak kausatik kanpo uztera. Eta hori ez dugu lortu inondik inora”. Izkok, halaber, azaldu du epaia irmoa denez, Altsasuko gazteek ez dutela behin behineko askatasunean ateratzeko aukerarik. “Beste gauza bat da onura penitentziarioak jasotzen ahal dituzten hemendik aurrera”, gaineratu du.