Desobedientzia iragarri du Imanol Salinas sindikalistak

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 25a, 07:51

Lan sindikala egiteagatik espetxera kondenatua izan daiteke LAB sindikatuko kidea. Horrela gertatuz gero, desobedientzia eginen duela iragarri du Imanol Salinasek eta zigorra betetzera ez dela aurkeztuko adierazi du. Era berean, urriaren 10ean, beste protesta sindikal batengatik aurreikusia dagoen epaiketara ere ez da azalduko.

Pasa den maiatzean 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Imanol Salinas LAB-eko kideari San Giovesa, Iruñeko jatetxearen atean egindako protesta batengatik. Helegitea aurkeztu du bere abokatuak eta orain ebazpenaren zai dago. Salinasek iragarri duenez, zigorra berresten bada, ez da espetxealdia betetzera azalduko. “Egindakoa beharrezkoa zen” azaldu du Salinasek, “borroka sindikalaren lana da langileak defendatzea”. San Giovesako jabeak 4 langile kaleratu zituen, hauteskudne sindikaletan zuzendaritzak proposatutako hautagaia ez babesteagatik. Horren aurrean erantzuna eman zuen LAB sindikatuak, jatetxe aurrean protesta eginez. “Injustiziaren aurrean desobedientzia egitea bidezkoa da”.

Datorren urriaren 10ean gainera, beste epaiketa bati aurre egin beharko dio Salinasek. Oraingo honetan Huerta de Peralta, Azkoiengo enpresaren aurrean protesta egiteagatik Foruzaingoak salatuta. Imanol Salinasek epaiketara ez aurkeztea erabaki du eta halaxe eginen du ere Jose Javier Oses bere kideak ere.

Larunbatean manifestazioa deitu du LAB sindikatuak borroka sindikalaren defentsan eta epaiketa hauek salatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!