Euskararen bigarren plan estrategikoa prestatuko dutela iragarri du Ana Ollok, helduetan euskara ikasteko erraztasunak bultzatu eta batez ere, gazteen artean, euskaraz bizitzeko neurriak martxan jarri. “16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean %25a euskalduna da eta beste %12a euskara ulertzen du” azaldu du Ana Ollo kontseilariak, “euskarazko asialdi, kirol eta kultur eskaintza adin hauetarako ez da nahikoa eta haunditu beharra dago”. Hedabideetan dauden beharrak ere aztertuko ditu departamenduak, euskararen presentzia zabaltzeko asmoz. Guzti hau martxan jartzeko, indar politikoen gainetik, gizartearen adostasuna bilatu nahi du Ana Ollok, euskara eztabaida politikotik atera eta inposizio eta diskriminazioaren diskurtsoak ekiditeko.
Aurreko legegintzaldian abian jarritako neurri eta programei jarraikortasuna eman nahi die Ana Ollo kontseilariak. Memoriaren alorrean, oraindik ere bide bazterretan galduta diren kolpe militarraren biktimak topatzeko lanarekin jarraitu eta Memoriaren institutoa Rozalejoko Jauregian ezartzeko nahia azaldu du Ollok. Datozen lau urteotan, nazismoaren biktimak ere gogoan izan nahi ditu Nafarroako Gobernuak eta horren inguruan material bilketa egiten ari dira, aurrerago publiko egiteko. Eztabaida handiena hizkuntza alorrean piztu da. Ana Ollok defendatu ditu azken legegintzaldian emandako pausuak eta egungo Vascuencearen Legean oinarrituta, hizkuntza eskubideak bermatu behar direla adierazi du.
Vascuencearen Legea onartu behar, bertan behera uzteko parlamentuan ez dagoelako indar nahikorik. Hala ere, Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak, araua kritikatu du, eskualdeka eskubideak eman edo kentzen dituelako.
Kritiko azaldu da Euskal Herria Bildu. Bakartxo Ruizek epelkeria leporatu dio Ana Ollori, euskararen alde ausardiarik ez duela egotzita, atzerapausorik ez duela onartuko iragarri du. Departamentuaren asmoei erreparatuta, Vascuencearen Legea betikotzeko arriskua ikusi du Bakartxo Ruizek.
Ana Olloren departamentuaren nobedadea, kanpora begira izanen da. Kanpo Ekimenetarako Zuzendaritza Orokorra eratu da, Mikel Irujoren zuzendaritzapean eta europa mailan nafarroaren iritzia eta ekarpenak entzun daitezen sortu da.