Altsasuko zortzi gazteei 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorra ezarri zieten, autoritatearen aurkako atentatua, lesioak, mehatxuak eta desordenu publikoak egotzita. "Gazteek epai irmoa ezagutu nahi dute, egoera zoro honi amaiera emateko", aitortu du Amaia Amilibia Jon Ander Coben amak. Espainiako Auzitegi Gorenak asteazkenean, gaur, aztertu du 2016an Altsasuko jaietan izandako liskarrarengatik espetxeraturik dauden gazteen auzia.
Altsasuko gazteen kasuan errugabetasun printzipioa urratu dela salatu du defentsak. Fiskalak argudiatu du guardia zibilak izateagatik eraso zietela, eta, beraz, ideologiagatikako astungarriak "zentzuzkoak" direla. Gazteak absolbitu behar ote diren edo Auzitegi Nazionalak ezarri zizkien zigorrak murriztu ote daitezkeen erabaki behar du Gorenak. Auzia epaiaren zain gelditu da.
1038 egun daramatzate espetxeraturik Adur Ramirezek, Jokin Unamunok eta Oihan Arnanzek. Auzitegi Nazionalak 79 urteko espetxe zigorra ezarri zien orotara zortzi gazte zigortuei, iazko ekainaren 1ean. Epaian jaso zuenez, gazteek Guardia Zibilaren aurkako "gorroto eta erdeinuak bultzatuta" jokatu zuten, bazekitelako aldez aurretik nortzuk ziren erasoak. Aldeek helegiteak aurkeztu zizkioten epaiari. Defentsak absoluzioa eskatu zuen. Fiskaltzak eta herri akusazio gisa ari den Covite elkarteak, berriz, zigor gogorragoak galdegin zituzten, gazteek "eraso terrorista" egin zutela iritzita. Auzitegi Nazionalak baztertu egin zituen helegiteak, eta aurreko epaian ezarritako zigorrak berretsi zituen, joan den martxoaren 7an. "12, 13... urte barruan alferrik eta bidegabe egotea, ondorio gogorrak izan ditzazke. Ez dute merezi", adierazi dute gurasoek. Ematen ari den trataera "zuzendu" beharko litzatekeela adierazi dute.
Orain Fiskaltzak ez du terrorismoa eskatzeko helegiterik aurkeztu. Covite elkarteak, berriz, helegitea aurkeztu du Gorenean, gazteak terrorismo delituagatik zigortu ditzala eskatzeko. Defentsek gazteen zigorrak murrizteko helegiteak aurkeztu dituzte.
Antonio del Moral Garcia, Andres Palomo del Arco, Vicente Magro Servet, Susana Polo Garcia eta Andres Martinez Arrieta magistratuek osatu dute helegitea aztertuko duen aretoko epaimahaia.
Gaur #AltsasukoakAske kamiseta soinean eramateko deia egin dute.