Astelehenean abiatuko da Euskalerria Irratiaren denboraldi berria

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 13a, 14:20
Euskalerria Irratiko lan taldea, iazko azaroaren 7an, 30. urteurreneko festan.
  • 180 kolaboratzailek parte hartuko dute gure 32. denboraldian
  • Osasunaren Sadarreko partidak zuzenean eskainiko ditugu.
  • Saioak estudioetatik at egiteko ahalegin berezia eginen dugu.

Gogotsu ekinen dio Euskalerria Irratiak haren 32. denboraldiari astelehenean, hilaren 16arekin, programazioan parte hartuko duten 180 kolaboratzaileek ematen dioten indarra, kemena, berotasuna lagun.  Nolanahi ere, denboraldi berezia izanen da, irratiaren sortzaile eta zuzendari Mikel Bujandaren azkena izanen baita, ekainean erretiroa hartuko duela eta.

Albistegiak, berrindarturik

Batzuk badoaz eta beste batzuk badatoz: Ane Eslava kazetari irunberriarra batuko da lan taldera, albistegiak indartzeko, joan den denboraldian Haritz Pascualek egin zuen bezala. Berrindarturik dator, beraz, Iruñerrian Gaur albistegia.

Iñaki Berastegi eta Eñaut Agirrebengoa itzuliko dira, Osasuna Lehen Mailara bueltatu den honetan, Sadarreko partiden kontakizuna egiteko; izan ere, gurea, jakina, primerako irratia da.

Joan den denboraldian, Euskalerria Irratian lanean hasi zen Julen Fagoaga, Ortziraldea saioa egiteko. Denboraldi honetan ere, ostiral… barka, ortziral arratsaldero, bakarrizketetatik, stand up comedy-tik datorren umorea landuko du berriro, Martxelo Sotesekin eta beste hainbat lagunekin batera.

Metropoli Forala, are kaletarrago

Azken denboraldietan ohikoa denez, Euskalerria Irratiak hainbat saio eginen ditu Irrintzi Dorreko estudioetatik at, komunitatearekin eta komunitatearentzat ez ezik, irratsaioak komunitatetik ere egite aldera.

Goizeko magazina, Metropoli Forala (8:30-11:00) beste behin ere Pello Argiñarenak eta Juan Kruz Lakastak gidatuko dute. Lehen irteera irailaren 27an eginen dute, Aldapako San Fermin festak abiatzen diren egunean, saioa Nabarreriatik egiteko.

Ohiko kolaboratzaile(zoragarri)ez gain, aurten atal berriak sortuko dituzte Iturramako Instituarekin eta Gizakia Helburu fundazioarekin elkarlanean.

Ion Zelestino eta Nerea Erbiti kolaborazioetyara itzuliko dira, musika zuzenena egiteko. Iker Tubiak distopia bat landuko du. Patxi Huartek eta Ainhoa Juanizek elkarrizketa ezinezkoak eginen dituzte.

Irrintzi Plaza, ganberroago

Arratsaldeko magazina, Irrintzi Plaza (15:00-18:00), kolaboratzaile sarea sendo dator irrati urte honetan. Lehendik genuen kolaboratzaile zerrendari berriak gehitu dizkigu; eta emaitza ausarta eta gamberroa izanen delakoan gaude. Tertuliakide berriak, irrintzilari gazteak eta egurra banatuko duten solaskideak bilduko ditugu plazan.

Kolore gehiago gehituko dizkiogu, gainera, arratsaldea. Azken irrati urtean, Miren Mindegia, Bakarne Atxukarro eta Maria Castejonekin genero ikuspegiak gure edukietan leku gehiago hartu zuen. Bide beretik jarraituko dugu plaza morez titatzen. Kolore berdea izanen da nabarmenduko den bigarrena. Ingurumenari, osasunari eta bertakoei toki berezia eskainiko diegu. Besteak beste, San Pedro Ingurumen Museoko lagunak eta bertako jaki ekologikoak erabiltzen dituzten sukaldariak izanen horren erakusle. Dena, noski, euskarak eskaintzen digun kolore aniztasuna ahaztu gabe. Hori baita Irrintzi Plaza, Iruñerriko euskaldunen topagunea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!