Lesakako Errenga mendiko mairubaratzean gertatu da. Ehiztariek ehiza postua eraiki dute ongi seinalaturik dagoen monumentu megalitikoaren gainean. Eguzki talde ekologistak gertaturikoa argitzeko eta horren aitzinean neurriak hartzeko eskatu die Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Kultura departamentuei.
Hilarriak elkarteak salatu zuen lehendabizi gertaturikoa, eta postua dagoeneko eraitsi dute, baina talde ekologistaren aburuz eraispena ez da aski. “Ez badute horrelako monumentu bat errespetatzen, nekez errespetatuko dituzte bideetaraino izan behar den distantzia”, diote agiri batean. “Ehiztariek haien irudi txarraren errua ekologistei, animalistei zein mendizaleei egozten diete, baina behar bezala seinalaturiko cromlech baten gainean ehiza postua eraiki dutela ez du inork asmatu”, gaineratu dute. Eguzkik, halaber, gogora ekarri du joan den urtean Leitzako Irusi I dolmenaren gainean altxatu zutela beste ehiza postu bat.