"1.000 eguneko presoaldiaren atzean, mila elkartasun mezu daudela erakutsiko dugu"

Euskalerria Irratia 2019ko abu. 9a, 11:21

Abuztuaren 10ean, Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno gazteek 1000 egun beteko diztuzte kartzelan. Altsasukoak Aske plataformako Aritz Leoz izan da Guardasolan.

#AltsasukoakASKE plataformarekin batera antolatutako ekimenekin bat egin eta abuztuaren 10ean, Berian mendian eta Altsasuko Foru Enparantzan hainbat ekimen antolatu ditu Altsasu Gurasoak taldeak. “1000 EGUN, mila mezu, mila muxu. ALTSASUKOAK ASKE!” deitu dute elkartasun eguna. 

2016ko azaroaren 14an atxilotu zituzten bederatzi lagun, eta geroztik daude preso, 2016ko urrian bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea egotzita. Iazko ekainaren 1ean, Auzitegi Nazionalak 79 urteko espetxe zigorra ezarri zien orotara zortzi gazte zigortuei. Aldeek helegiteak aurkeztu zizkioten epaiari; baina Auzitegi Nazionalak baztertu egin zituen, eta ezarritako zigorrak berretsi zituen, martxoaren 7an. Epaiketaren izaera politikoa salatu dute Altsasuko Gurasoek eta plataformako kideek. Espainiako Auzitegi Gorenak irailaren 18an aztertuko du Altsasuko gazteen defentsaren helegitea. Gorenak benetako justizia egiteko aukera duela adierazi du Leozek.

Elkartasuna bilduko duen liburua

Beriaineko mendian emango zaio hasiera biharko ekimenari. Bertan, herri eta hiri ezberdinak bisitatuko dituen mezu-liburu bat aurkeztuko da, non edozein pertsonak preso ditugun semeei helaraziko zaien liburu batean bere mezua idazteko aukera izango duen. Beriainetik Altsasura egingo du bere lehenengo bidaia, errelebo ezberdinak eginez: mendiko bizikletan, parapentean, patinetan, korrikan... Liburua arratsaldean Altsasun egingo den elkarretaratzea gauzatzen den bitartean iritsiko da herrira. Elkarretaratze horretan Altsasuko gazteen askatasuna exijitzeko mural kolektiboa osatuko dute.

“1000 EGUN, mila mezu, mila muxu! ALTSASUKOAK ASKE!” logoa edo mezua erabiliz, abuztuaren 10ean eta hurrengo egunetan zehar, ekimen propioak burutu eta beraien argazkiak #AltsasukoakASKE traola erabiliz Twitterrera eta beste sareetara igotzera animatu dute antolatzaileek, ondoren bilduma bat egin eta preso dauden gazteei bidaltzeko.

Egitaraua

Abuztuak 10

BERIAIN

  • 9:30: Unanutik igoera
  • 12:00: EKITALDIA (Beriaineko puntan) Irakurketa, argazki kolektiboa eta "Mila mezu, mila muxu!" ekimenaren aurkezpena.

ALTSASU

  • 20:00: ELKARRETARATZEA (Altsasuko Foru enparantzan) Kontzentrazioa eta mural kolektiboa.
  • EGUN OSOAN (Altsasuko Foru enparantza) Erakusketa, bideo proiekzioa, elkartasun postua eta Altsasuko gazteei mezuak bidaltzeko aukera (14:00tik aurrera)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!