Derbietan bisitarien sarrerak 25 euroan saltzea adostu dute Athleticek, Realak, Osasunak, Alavesek eta Eibarrek

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 19a, 12:12

Kluben arteko giro ona bultzatu eta zaleen desplazamendua errazteko asmoz hartu dute erabakia.

Athletic Club, Real Sociedad, CA Osasuna, Deportivo Alaves eta SD Eibarko presidenteek bost kluben arteko norgehiagoketan bisitariek sarrera prezio bera izatea adostu dute, kluben arteko giro ona bultzatu eta zaleen desplazamendua errazteko asmoz.

Hala, bost klubek elkarren aurka jokatuko dituzten neurketetan kanpoko zaleek 25 euroan erosi ahalko dituzte sarrerak. Salgai jarriko den sarrera kopurua futbol zelai bakoitzaren ezaugarrien eta lekuaren araberakoa izango da.

Aitor Elizegi, Jokin Aperribay, Luis Sabalza, Alfonso Fernandez de Troconiz eta Amaia Gorostizak gaur goizean hartu dute erabakia Anoetako futbol zelaian egin duten bileran, eta etorkizunean jarraipena emateko konpromisoa erakutsi dute. Hitzarmenak asistentzia eta zaleen arteko giro ona bermatzea du helburu.

Lehenengo lau derbiak, etxean

Sadarren jokatuko ditu lehenengo lau derbiak Osasunak. Eibar izanen dute aurkari abuztuaren 24an, 17:00etan. Azaroaren 3an jokatuko dute hurrengo derbia. Alaves izanen dute aurkari. Hilabete berean, baina 24an, Athletic zuri gorrien kontra jokatuko dute partida. Abenduaren 22an, berriz, Realeko jokalariak izanen dira Sadarren.

Otsailaren 16ean Bilbora bidaiatuko dute gorritxoek, Athleticen aurkako itzulia jokatzeko. Martxoaren 15ean, berriz, Donostira joanen dira. Apirilaren 12an jokatuko dute Alavesen aurkako partida, eta 26ean Eibarren aurkakoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!