Hauteskundeak 2019

Atzeratu egin dute PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak gaur egitekoa zuten bilera

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 18a, 11:04

Gobernu eredua eztabaidatzeko 12:00etan elkartzekoak ziren ordezakariak. PSNren eskariz atzeratu dute.

Nafarroako gobernua osatzeko negoziazioak uste baino gehiago luzatuko dira. Eguerdian ziren elkartzekoak PSN, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu. PSNren eskariz atzeratu egin dute, baina, bilera. PSNk gobernu egiturari buruzko lanerako dokumentu bat aurkeztu zien gainerako taldeei asteartean, eta proposamen hori aztertzeko zuten bilera. Ez dute azalpen gehiago eman.

Atzo, Ahal Dugu-ren Koordinazio Kontseiluak aho batez erabaki zuen Nafarroan koalizio gobernu bat eratzea "ezinbestekoa" dela. PSN, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-ren kontseilariek osatutako gobernua galdegin du alderdi moreak.

Kolore bakarreko gobernua nahi du, ordea, PSNk. “Sozialisten gobernu bat nahi dugu” adierazi du PSNko antolakuntza idazkariak. 

Aurreakordioa aurkeztu zuenean azaldu zuen, bestalde, Geroa Baik gobernuan egon nahi duela. "Ardura partekatuen gobernua nahi dugu”, adierazi du Geroa Baiko Itziar Gomezek; “gobernu bat non Geroa Bai presente dagoen”.Izquierda-Ezkerrak ez du egitura jakin baten alde egin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!