Igandean ospatuko da Baztandarren Biltzarra eguna

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 18a, 10:40

Uztailaren 21ean ospatuko dute baztandarren besta handia Elizondon. 11:00etan hasiko da orga apainduen desfilea.

Landa eremuan gizarte boluntariotza garatzeko xedez sortu zen Bidelagun elkarteak hogei urte bete ditu aurten. “Bertzelako mundua posible da” lelotzat hartuta, gaixoak, adinekoak, ahalmen urritasuna dutenak edota egoera txarrean dagoen edozein talderi laguntza eskaintzen die. Bi hamarkadako ibilbidean ehunka laguni eman die Bidelagunek babesa. Baztanen egindako lanaren aitortza gisa, uztailaren 21eko orgen desfilea irekitzeko ohorea izanen dute elkarteko kideek.

Iragan urteetan bezala, aurten ere, orgen desfilean Euskal Herriko zazpi probintzietako musikari eta dantzariak gonbidatzeko ahalegin berezia egin da. Bertako taldeez gain, aurten, berritasun modura, atzerritik etorritako talde bat ikusteko parada izanen da. San Francisco Basque Culture Center, Chino Basque Club, Kern County Basque Club (Bakersfield), Iparreko Ibarra Basque Club (Rocklin) eta Fresno Basque Club euskal etxeetako 50 musikariz eta dantzariz osatutako talde batek hartuko baitu parte desfilean. Horiekin batera, bidaian etortzekoak dira beren senideak ere. Orotara, 160 lagun inguru etorriko dira Baztanera; horietako anitzek jatorri baztandarra dute, gainera.

Elizondoko Merkatu plazan eginen den bazkariari dagokionean, Baztandarren biltzarrak bertako nekazari eta abeltzainek ekoitzitako produktuen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Iaz bezala, bazkari txartelak 23 euroan salduko dira. Uztailaren 17an izanen da aurrez-aurreko salmenta, 10:00etatik goiti, Baztandarren Biltzarraren elkartearen egoitzan. Txartelen bat sobratuz gero, bestaren egunean, uztailaren 21ean eskuratu ahal izanen dira, goizez, Elizondoko plazan paratuko den txosna ondoko mahaian.

Bertzalde, bestan sortzen diren hondakinak murrizteko lanean jarraitzen du elkarteak. Bertze urte batez, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko du. Berrikuntza modura, ohiko komun kimokoez gain, egun dauden alternatibak Baztandarren Biltzarra bezalako besta handi batean egingarriak diren ala ez jakin nahi du elkarteak. Hala, belar bola bat erabiliko da pixa-toki modura. Alternatiba horrek funtzionatuz gero, litekeena da apurka-apurka komunen eredua aldatzen joatea.

Denendako besta

Baztandarren Biltzarra denendako besta izatea nahi du Baztandarren Biltzarra elkarteak. Horregatik, ez du Mutil Dantza baztertzailerik babestuko. Are gehiago, orgen desfilearen ondotik, Elizondoko plazan neskek zein mutilek dantzatzeko aukera izaten duten Mutil Dantzan parte hartzeko deia egiten du. Izan ere, denek, gizon ala emakume den inporta gabe, bestaz gozatzeko aukera izatea ezinbertzekotzat jo du. Berdintasuna lan ildo bat izaki, elkarteak argi utzi du sexu erasoen salaketen aitzinean, eraso sexisten aurkako protokoloa martxan paratuko duela.

Baztandar guztien besta iristeko gero eta gutiago falta da. Uztailaren 21ean, denei Elizondora hurbiltzeko gonbita luzatzen die Baztandarren Biltzarra elkarteak. Baztango hamabortz herriak beren orgekin bestan izatea espero du, herriak bestan ezinbertzekoak direlako erakusteko. Orgen desfilearen ondotik, denak animatu ditu merkatu zelaian eginen den bazkarira etortzera, eta horren ostean izanen den bestaz gozatzera beti ere, eskuaraz barra-barra eginez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!