2,1 milioi baino gehiago, meningitisaren txerto berriarentzako

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 17a, 13:03

2008an jaiotakoen txertaketa 2019ko iraila eta azaroa bitartean eginen da.

Jarduneko Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, akordio bat onartu du zeinaren bidez 2,1 milioi euroko gastua onartu den 11 eta 12 urteko haurrei meningitisaren aurkako 27.573 txerto erosteko. Txertoak lau meningogoko tipori egiten dio aurre.

Gogoratuko denez, txerto hori sartzeko erabakia, Nafarroako Txertaketei buruzko Aholku Batzorde Teknikoak maiatzean egindako proposamenari erantzunez hartu da. Txerto berriak ez du bakarrik C motako meningokokoaren aurka babesten, orain arte emandakoak bezala, baizik eta gaixotasuna maiz sorrarazten duten A, W135 eta Y memingokoko moten aurka ere babesten du.

Batzordearen proposamenaren helburua da Gaixotasun Meningokoziko Inbasiboaren maiztasuna murriztea, txerto hori Nafarroa 11-12 urteko haurren txertaketa egutegian sartuz.

Babes handiagoa nafar biztanleria osoarentzat

Gainera, txerto berarekin egindako “erreskateko” immunizazioa sartu da egutegian, Nafarroan bizi eta 2002tik 2007ra bitartean jaio diren guztientzat. Txertaketa berri hau, egun indarrean dagoen C meningokokoaren aurkako bigarren txertaketari gehituko zaio. Ondorengo lau urteetan (2019-2022) txertoa jarriko zaie 12 eta 18 urte bitarteko 68.078 neraberi.

“Erreskateko” txertaketaren helburua, txertoa hartzen dutenei eritasuna saihesteaz gain, nafar biztanleria osoaren babes kolektiboa lortzea da, izan ere, nerabeak eta gazteak dira Gaixotasun Meningokoziko Inbasiboa sortzen duten bakterioen eramaile nagusiak, eta horiei txertoa jarriz gero, txertatu gabeko pertsonen kutsapena saihesten da.

Proposamen hau egin aurretik, Nafarroako Txertaketei buruzko Aholku Batzorde Teknikoak “Gaixotasun meningokoziko inbasiboaren aurkako txertaketari buruzko gomendioak” deritzon txosten teknikoa aztertu zuen. Txostena, Estatu mailan Txertaketei buruzko Aholku Batzorde Teknikoaren lana egiten duen Txertaketen Programa eta Erregistroari buruzko Batzorde Txostengileak landu zuen, eta Osasun Siztema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak onetsi zuen maiatzaren 8an.

Espezialista independenterik onenak biltzen dituen talde tekniko horren esanetan, "azken denboraldi epidemikoetan begi-bistakoa izan da W eta Y serotaldeetako kasuetan izandako igoera". Horrekin batera, "txerto tetrabalenteek banaka nahiz biztanleria osoaren gainean eragindako babesaren eraginkortasuna eta iraupena" nabarmendu ditu.

Txertaketaren egutegia

Adierazi denez, 2008an jaiotako neska-mutilen txertaketa 2019ko irailetik azarora bitartean eginen da, 2019-2020 ikasturtearen barnean. Une honetan, adin horretako neskei giza-papilomaren birusaren aurkako txertoaren lehendabiziko dosia ere emanen zaie.

Nafarroan, “erreskateko” txertaketa honako kronograma honi jarraiki eginen da:

  • 2002an eta 2003an jaiotakoak: Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzten gazteen kasuan, txertaketa ikastetxeetan eginen da 2019-2020 ikasturtearen barnean, 2020ko urtarriletik aitzina. Eskolatu gabeko gazteek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun-zentroetan eta kontsultategietan hartuko dute txertoa, 2020. urtean.
  • 2004an jaiotakoak: Txertaketa 2019-2020 ikasturtearen barnean eginen da, DBHko 4. mailan, 2020ko urtarriletik maiatzera bitartean.
  • 2005ean, 2006an eta 2007 jaiotakoak: Txertaketa ikastetxeetan eginen da 2020-2021 ikasturtearen barnean, DBHko 2. 3. eta 4. mailetan.

12 eta 18 urte bitarteko nerabe eta gazteen txertaketaren helburua, haien babesa eta gainerako biztanleena bermatzea da, eta horren kariaz, Osasun Departamentuak kanpainan parte hartzera gonbidatu ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!