Nafarroako jarduneko Gobernuak gaurko saioan hartutako erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei ordainsaria igoko zaie; hau da, sektore publikoaren zerbitzura lan egiten duten langileentzat aurreikusitako errebalorizazio gehigarria, ordainsarien ehuneko 0,25ekoa, eta 2019ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak. Igoera abuztuko nominan ordainduko da.
Gainera, igoera hori pasa den otsailaren 6an Gobernu-bileran onartutako %2,25eko igoerari batzen zaio; beraz, Nafarroako Gobernuaren mendeko Administrazioko langile guztiek gutxienez %2,5eko igoera izango dute aurten.
Igoera handiagoa da zenbait lanpostutan
Aurten, halaber, langile batzuek %2,5eko igoera baino handiagoa izan dute, ordainsarien osagarriak eta konpentsazio ekonomikoak igotzeagatik Nafarroako Gobernuak adostutako zenbait lanpostutan, maiatzaren 15eko 2/2019 Dekretua-Foru Legea onartuta. Arau horren bitartez, Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari Maria Jose Beaumontek LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin 2018ko urriaren 4an sinatutako Akordioa zehaztu zen 2019. urterako.
%0,25eko igoera gehigarria langile guztiei aplikatuko zaie, goi karguak eta Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileak barne. Neurriak milioi eta erdi baino gehixeagoko kostua izango du; zehazki, 1.540.116 €-koa.
Igoera gehigarri hori onartu ahal izan da Nafarroako Aurrekontu Orokorren inguruko 27/2018 Foru Legean, abenduaren 24koan, 2019. urteari begira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura lan egiten zuten funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariek sektore publikoaren zerbitzura lan egiten duten langileentzako estatu-legedian 2019rako gehienez ezarritako igoera orokorra izatea erabaki zelako.
Bestalde, abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretuan, sektore publikoaren eremuan ordainsarien inguruan premiazko neurriak hartzeari buruzkoan, langile publikoentzako gehienez ehuneko 2,25eko igoera ezarri zen, beste %0,25 igotzea aurreikusten zen bitartean, Espainiako Estatuko Barne Produktu Gordinak (BPGd) 2018an %2,5 lortu edo gaindituz gero.
Era horretan, Estatistikako Institutu Nazionalak ekainean ziurtatu zuenez Estatuko 2018ko BPGdaren aldakuntza-tasa 2017. urtearekiko %2,58koa dela, Ministroen Kontseiluak ekainaren 21ean onartu zuen %0,25eko igoera gehigarria egitea enplegatu publikoei, eta Nafarroako Administrazioaren kasuan, gaur horrela onartu du jarduneko exekutiboak.