Bihar berrekigo dituzte gobernu eraketa adosteko negoziazioak PSNk, Geroa Bai, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Maria Txibite sozialistak gidatuko lukeen gobernuaren organigrama eta gobernu ereduaz eztabaidatuko dira.
Uztailaren 5ean itxi zuten aurreakordioa alderdiek. Orduan, Geroa Bai prest agertu zen hainbat kontseilaritza bere gain hartzeko. 10 ekintza ardatz eta 400 neurri inguru biltzen ditu akordioak 77 orrialdetan.
Babes edo abstentzio bila
Lau alderdiek 23 parlamentari dituzte Nafarroako Parlamentuan; beraz, inbestidura saiorako, beharrezkoa dute EH Bilduko zazpi parlamentarien babesa edo abstentzioa. Baina Maria Txibitek esan du "aukera" dagoela indar subiranistaren abstentzioa bilatu beharrean, Navarra Sumakoena bilatzeko: "Ez dugu baztertzen Navarra Sumarekin elkartzea eta akordioetan sinatu duguna azaltzea. Argi dugu EH Bildurekin ez dugula akordiorik egingo".
Geroa Baik ohar bidez erantzun dio Txibiteri, eta kargu hartu dio: "PSNk jakin beharko luke Geroa Bai ez dagoela prest akordio programatikoa Navarra Sumarekin negoziatzeko aukera bilakatzearekin". Iluntzean erantzun dio Navarra Sumako Javier Esparzak Txibiteri. Esan dio eskua luzatuta dutela, bilera hori egin, eta Nafarroak behar duten "egonkortasunari" buruz aritzeko. "Espero dut Txibitek ez dituela aintzat hartuko Barkosen eta Otegiren mehatxuak", esan du Esparzak.