Bel Pozueta: "Altsasuko gazteek bidegabekerian segitzen dute preso"

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 12a, 09:24

Larunbatean elkarretaratzea eginen dute Errekoletak plazan Altsasuko Auzia ez dadin ahazturan erori. 970 egun eginen dituzte espetxean Adurrek, Oihanek eta Jokinek; ia 500 Julenek, Aratzek, Iñakik eta Jon Anderrek. 

"Bidegabeki dituzte preso gure seme-alabak", izan du gogoan beste behin ere Altsasuko Gurasoak plataformako kide Bel Pozuetak. Gaztetasuna lapurtzen dieten bitartean arduradunek ez dutela deus ere egiten salatzen ari dira. Eta bidegabekeria horren datuak asko izan daitezke, nabarmenenak hauexek: 970 egun preso daramatzate Altsasuko Auzian dauden Adurrek, Jokinek eta Oihanek. Ia 500 beteko dituzte gainerakoek: Julenek, Aratzek, Jon Anderrek eta Iñakik. Iazko sanferminetan ere egin zuten protesta: "Iaz, gure seme-alabak hurbiltzeko eskatzen ari ginen. Orain, Zaballako espetxean daude, etxetik 60 kilometrora baina oso gogorra da gazteak bahituta ikustea. Hurbilago bai baina injustizian murgilduta segitzen dugu", esan du Pozuetak. 

Altsasuko Auzia oraindik ere irekita dagoela ezin da ahaztu: "Gazteek preso segitzen dute eta auzia epaitegietan dago". Bidegabekeriak segitzen duen bitartean ariko dira Altsasuko Gurasoak lanean. Kalean salatzeak indarra ematen die, jendearen babesa sentitzen dutelako: "Urteotan herritar andana izan da gurekin. Kolore guztietako jendea, anitza. Hori da gure adierazleetako bat aldarrikatzeko auzi hau guztiz injustua dela", esan du Pozuetak. 

Prozesuak bere bidea segitzen du Auzitegi Gorenean. Duela hilabete batzuk aurkeztu zuten helegitea familiek eta prozedura noiz onartuko zain daude. Behin tramite hori pasatzen delarik egutegia berriz ere martxan jarriko da epaiaren zain izanen direlako. Horregatik, oraindik beharrezkoa da kalean indarrak segitzen duela erakustea eta dei egin du Pozuetak larunbateko elkarretaratzean oarte hartzera, Errekoletak plazan izanen da 13:00etan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!