Tafallako uholdeek eragindako kalteak hamabost milioi euroan zenbatu dituzte

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 11a, 09:09

>450 auto izorratuak, 1.300 etxebizitzatan beharko dira konponketak eta 250 saltoki eta bulegotan ere bai. 
>Gobernuak ezohiko bilkura eginen du gaur Zidakos ibaiaren inguruko herriak hondamen-eremutzat jo daitezela eskatzeko.

Hamabost milioi euroan zenbatu dituzte asteartean izandako euri jasek herrian sortutakoa: 450 auto izorratuak, 1.300 etxebizitzatan beharko dira konponketak eta 250 saltoki eta bulegotan ere bai. 717 eskaera jaso dituzte dagoeneko aseguru etxeek. Gehienak, Tafallakoak, baina ez denak: 434 de Tafalla, Erriberri (124), Pitillas (70), Puiu (17), Beire (33) eta beste zenbait herritakoak ere bai.

Kalteak etxabeetan, ibilgailuetan eta asko ere, nekazari txikiengan izan diran. Uztak guztiz kaltetuak utzi dituelako euriteak eta dena galtzera ere iritsi dira asko.

Nafarroako Gobernuak ezohiko bilkura eginen du ostegun honetan Cidacos ibaiaren inguruko herriak hondamen-eremutzat jo daitezela eskatzeko.

Jarduneko Nafarroako Gobernuak, Uxue Barkos Lehendakaria buru, ezohiko bilkura eginen du ostegun honetan, Gobernu Zentralari Cidacos ibaiko uholdeek astelehen iluntzean kalteturiko herriak hondamen-eremutzat jo ditzala eskatzeko eta natur hondamendi honi buruzko bestelako neurriak aztertu eta bideratzeko.

Gogoratu behar da, atzo arratsaldean, Nafarroako Gobernuak eta uholdeek gehien kaltetu dituzten herrietako udal ordezkariek egindako bilkuran, udal horietan ezohiko udalbatzarrak egitea erabaki zela hondamen-eremuaren izendapena eskatzeko, Tafallako Udalak asteartean egindakoaren harira.

Nafarroako Gobernuak, udalekiko akordio hauen bitartez eta eskunduntzaz dagozkion balorazioen bitartez (errepideetan, Erriberriko Mahastizaintza eta Enologia Estazioan eta araztegietako instalazioetan gertaturiko kalteak, nagusiki), modu bateratuan tramitatuko ditu Estatuko Administrazioaren aurrean hondamen-eremuaren izendapena eta erakunde, enpresa, nekazari eta herritarren mesedeko neurri aringarrien onespena.

Halaber, ondorengo egunetan, Gobernuak, Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legean aurreikusitako neurri fiskalen aplikazioa aztertuko du.

Gainera, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen bilkuraren bukaeran, Nafarroako Autobidearen (AP-15) Imarkoaingo bide-saria aldi batez kenduta egonen dela N-121 errepidea konpontzeko lanak burutu arte, izan ere, autobidea da Nafarroako hiriburuaren eta Tafallaren arteko joan-etorrietarako bide zuzen bakarra. Obra Publikoetan, Sansoainerako (Leotz) behin-behineko lotura irekitzeko aukerak aztertzen dihardute, uholdeek herri hori Nafarroako errepide-sarearekin lotzen duen zubia suntsitu ondoren.

Azkenik, ondasun partikularrei dagokienez, Nafarroako Gobernuak gogoratu du egokiena nork bere asegurura jotzea dela, kontratatuak dituzten polizetan estalita dauden kalteak egiaztatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!