23ko akordioak ez du gehiengo osorik, horretarako 26 beharko lituzkete, eta, hortaz, EH Bilduren abstentzioa beharrezkoa litzateke gobernua osatzeko. Maria Txibitek esan du "aukera" dagoela indar subiranistaren abstentzioa bilatu beharrean, Navarra Sumakoena bilatzeko: "Ez dugu baztertzen Navarra Sumarekin elkartzea eta akordioetan sinatu duguna azaltzea. Argi dugu EH Bildurekin ez dugula akordiorik egingo". Espainiako irrati batean egin ditu adierazpen horiek. Hain justu, PSNko idazkariak dio 23 ordezkarien akordioak Navarra Sumak baino "zilegitasun gehiago" duela. UPN, PP eta Ciudadanosek osatutako hauteskunde koalizioak 20 ordezkari lortu zituen joan den maiatzaren 26ko hauteskundeetan.
Berehala iritsi dira alde bateko eta besteko erantzunak. Hala, Geroa Baik ohar bidez erantzun dio Txibiteri, eta kargu hartu dio goizeko elkarrizketan esandakoengatik: "PSNk jakin beharko luke Geroa Bai ez dagoela prest akordio programatikoa Navarra Sumarekin negoziatzeko aukera bilakatzearekin". Iluntzean erantzun dio Navarra Sumako Javier Esparzak Txibiteri. Esan dio eskua luzatuta dutela, bilera hori egin, eta Nafarroak behar duten «egonkortasunari» buruz aritzeko. Eta haiekin esertzeko aukera horren aurrean Geroa Baik izandako «mehatxuz betetako" erreakzioa gaitzetsi du, esanez jarrera erabat «baztertzailea eta sektarioa» dutela. «Espero dut Txibitek ez dituela aintzat hartuko Barkosen eta Otegiren mehatxuak», esan du Esparzak.