Tafalla irentsi du erauntsiak; hildako bat eta kalte material ugari eragin ditu euriteak

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 9a, 09:03

Zidakos eta Sansoain ibaiek euriteekin gainezka egin dute eta kalte handiak egin dituzte Tafalla eta inguruko herrietan. Gidari baten gorpua aurkitu dute Ezporogin, Moriones aldean. Gizonezko gazte bat da hildakoa. Uraldeek N-121 errepidea txikitu egin dute Puiu aldean.

Beldurgarriak dira irudiak. Beldurgarria da atzo Tafallan eta Nafarroako erdialdean bereziki bizi izan zutena. Minutu gutxian, ehun litro metro karratuko bota zuen eta Valdorba inguruan are gehiago, ehun eta hirurogei litro metro koadroko. Arratsaldean hasi zen ekaitza. Harekin batera euri jasa. Eta Zidakos ibaiak berehala egin zuen gainezka. Herritarrei ez zien denborarik eman ezer egiteko.

Errepideak moztuak geratu ziren, batzuk erditik apurtu zituen uraren indarrak, etxabeak guztiz urez gainezka, denda eta saltokiak ere ur putzu handi bilakatu ziren. Eta jendeak, ahal izan zuen egin zuen uholde horretatik urrun gelditzeko.

Larriena, Nafarroako Gobernuak konfirmatu bezala, hildako bat izan dela tartean. Antza denez, autoan zihoan gizonezko batek ezin izan zuen atera eta itota hil zen uraren indarrak barreiatuta. Gainerakoan, kalte materialak dira.

Goizeko lehen orduan batzartu da koordinazio bilera hemendik aurrera zer egin aztertzeko. Eta ez ohiko osoko bilkura ere deitu dute egoerak hala eskatuta. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!