Sanferminetako bortxatzaileetako bat, guardia zibila, erakundetik bota dute

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 4a, 09:56

Defentsa Ministerioaren Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du informazio hori. Urtarriletik jardunetik kanpo zegoen, baina ordainsaria jasotzen zuen. Alfonso Jesus Cabezuelo militarra Armadatik bota zuten iazko urrian.

Antonio Manuel Guerrero 18 urteko emakume bat taldean bortxatzeagatik 15 urteko kartzela zigorrera kondenatutako guardia zibila erakunde armatutik bota dute behin betiko, Defentsa Ministerioaren Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu duenez. 

Felix Azon Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak sinatutako ebazpenaren arabera, "Kordobako Komandantziaren baitan zegoen Guerrerok guardia zibil izaera galdu du" Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ondoren. 

Ekainaren 21ean 15 urtera igo zuen talde bortxaketan parte hartu zuten bost kideei aurrez Nafarroako Auzitegi Nagusiak ezarritako zigorra. 2016ko sanferminetan emakume gazte bati egindakoa bortxaketatzat jo zuen Gorenak, eta ez sexu abusutzat. 

Urtarrilean jardunetik kanpo utzi zuten Guerrero, baina ordainsaria jaso du gaur arte. 

Erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkeztea badago.

Alfonso Jesus Cabezuelo militarra, bestalde, Armadatik bota zuen iazko urrian. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!