Hauteskundeak 2019

Ostegunerako nahiko lukete erdietsi programa akordioa

Euskalerria Irratia 2019ko uzt. 2a, 07:29

Atalka banatu dute gobernu batek izan beharko lukeen bideorria. PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra batzartu dira eta aste honetan itxi nahiko lukete hitzarmena. 

Gobernu aurrerakoia osatzeko bidean PSNk Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariekin ari da arlokako bilerak egiten. Programa akordioa erdietsi nahiko lukete eta ahal balitz aste honetan bertan. Sanferminetan geldialdia eginen dute eta hori baino lehen lotua utzi nahi dute legealdi berriak izanen lukeen bideorria. Dena dela, lau alderdi horiek 23 parlamentari izanen lituzkete eta hortaz ez lirateke iritsiko gehiengo absolutua izatera. Horretarako EH Bilduren babesa edo abstentzioa beharko lukete baina oraindik ere Maria Txibite buru duen alderdiak betoa jarrita dio koalizio abertzaleari. 

Nafarroatik kanpo, esanak

PSOEko Jose Luis Rodriguez Zapaterori galdetu diote elkarrizketa batean Nafarroari buruz. EH Bildurekin hitzarmenik ez egitearekin bat dator Zapatero, baina, esan du, eurekin hitz egitearen aldekoa dela. Gaineratu du, ezker abertzaleari oraindk ere bide luzea geratzen zaiola ETAren jarduna gaitzetsi eta biktimen errekonozimendua egiteko baina Euskadin eta Nafarroan herritarren boto ugari dituela ezin dela ahaztu esan du.

Beste alde batetik mintzatu dena, PPko Pablo Casado. Pedro Sanchezi zuzendu zaio, eta esan dio, orain dela unea zirt edo zart egiteko eta egiaren ordua Nafarroan irudikatuko dela. Sanchezen gobernuak erabaki beharko luke, Katalunian egin bezala hausturaren bidetik segitu eta atzera egin eta zuzendu orain arte egindakoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!