Arratsaldean batzartu ziren bigarrenez lau alderdiak: PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra. Gobernua osatzeko bidean zenbait aurrerapauso finkatzeko lanean aritu ziren atzo. Zazpi atal aurreikusi dituzte programa akordioa erdieste bidean: Hezkuntza, kultura eta kirola; osasuna; berdintasuna, Nafarroa soziala eta gazteria; hizkuntza politika; enplegua, ekonomia eta zerga arloa; bizikidetza, memoria eta funtzio publikoa; eta tokiko administrazioa, ingurumena, iraunkortasuna, energia berdea. Astelehenean adostuko dute gai horietako bakoitza lantzeko lan-taldean zein bozeramale jarriko duen alderdi bakoitzak eta hortik aurrera finkatzen joanen dira arlokako gaiak. Datorren aste amaierarako akordioa erdiestea espero dute, baina, bestela, prest azaldu dira sanferminetan lanean jarraitzeko.