Asteburuan ere alerta gorria ezarri dute gehiegizko beroagatik

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 28a, 07:35
Krisi kabinetearen bilera bero bolada dela eta.

Osasun Departamentuak prebentzio neurriak zorroztea gomendatu du, adingabeen eta 65 urtetik gorakoen artean, batez ere, Erriberan hurrengo hiru egunetan tenperatura altuena 41 gradutik gorakoa izango dela aurreikusiz.

Meteorologia Institutu Nazionalak datozen egunetarako Nafarroako Goi eta Behe Erriberan aurreikusten duen beroaldiaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Osasun Departamentuaren bitartez, inguru horretan 3. alerta maila edo alerta gorria deitu behar izan zuen atzo, maila gorena, osasunerako dagoen arrisku larriaren ondorioz.

Luis Gabilondo Osasun zuzendari nagusiak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (ISPLN) prestatu duen 2019ko Nafarroako gehiegizko tenperaturek osasunean dituzten eraginen prebentziorako planean alerta gorrirako aurreikusten den krisi kabinetea aktibatu du.

Krisi kabinete hori Osasun zuzendari nagusiak, NOPLOI-ISPLNko eta Lehen Arretako zuzendari gerenteek, Osasun departamentuko Osasun Arreta Integratu zerbitzuak, Tuterako eta Lizarrako Osasun Sailetako gerentziek, Gizarte Eskubideen departamentuak, Babes Zibilak/SOS Nafarroak, Tuterako Udalak, NOPLOI-ISPLNko Komunitate Osasuna eta Laneko Osasuna Sustatzeko zerbitzuek, Osasun Kabineteko buruzagitzak eta gizarte eta toki mailako erakundeek osatzen dute, azken horien artean Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (FMCN) eta Gurutze Gorriak.

Krisi kabinetearen bilera

Alerta gorri egoeretan, krisi kabinetearen helburua, gehiegizko tenperaturek herritarren osasunean dituzten ondorio kaltegarriak murrizteko informazio eta prebentzio ekintzak koordinatzea da. Zehatzago esanez, inplikaturiko eragileei arrisku altuko egoeraren berri ematea, gehiegizko beroaren aurrean hartu beharreko neurriak jakinaraztea, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboak zaintzea, gune freskoak/klimatizaturikoak egokitzea eta biztanleei eskaintzea, arreta behar duten sintomak identifikatzen lagunduko duten irizpideak zabaltzea eta beroarekin erlazionaturiko patologiek kalteturiko pertsonei arreta ematea eta, amaitzeko, kasu horiek erregistratzea eta NOPLOI-ISPLNri jakinaraztea.

Kabinetea osatzen duten erakunde publikoek eta entitateek laneko bilera izan dute azken orduetan, eta bertan bakoitzaren jarduketa eremua aztertu eta bakoitzari dagozkion prebentzio ekintzak indartzeko konpromisoa erakutsi dute.

Ekintza horiek Nafarroako Goi eta Behe Erriberan zentratuko dira, beraien osasun guneekin: Tutera ekialdea eta mendebaldea, Buñuel, Corella, Cintruenigo, Kaskante, Kadereita, Carcastillo, Azkoien, Ribaforada, Lodosa, San Adrian, los Arcos eta Viana.

Eginiko bileran, Osasun departamentuak alerta gorria dagoenean jarraitu behar diren aholkuak azaldu ditu beroaren eraginez arrisku larria eragin dezaketen kirol edo aisia ekitaldietarako: bertze ezer baino lehen, ekitaldi horiek atzeratzea, bertan behera uztea edo horietara ez joatea; ibilbideak, ordutegiak edo denborak laburtzea, murriztea edo aldatzea; eta, amaitzeko, prebentzio jarduketetan sakontzea, arriskuei eta horien prebentzioari buruzko informazioa ematea partaideei, ura eta freskagarriak dohainik ematea, eta osasun eta zainketa baliabideak indartzea, ekitaldiak antolatzen dituzten erakundeen aldetik.

Prebentzio neurriak zorroztea

Alerta gorri egoera horretan, María José Pérez NOPLOI-ISPLNko zuzendari gerenteak prekauzioak zorrozteko eskatu die herritarrei, gehiegizko beroak giza gorputzaren bizitza funtzioetan arazoak sor ez ditzan, kalanbreak, deshidratazioa, intsolazioa edo bero-kolpea eraginez.

Egoera horretara ez heltzeko, ur eta edari fresko gehiago edatea gomendatu du, egarririk ez badugu ere, esfortzu fisiko handiena eskatzen duten jarduerak bero gutxiagoko orduetan egitea, egunaren erdiko orduetan eguzkipean ez egotea, eguzkitik jantzi egokiekin, betaurrekoekin eta babes faktorea duten kremekin babestea eta arropa argiak, zabalak eta arinak janztea. Etxebizitzetan, dutxa edo bainu hotzak hartzea, freskatzen duenean leihoak irekitzea eta egunez ixtea, eta haizegailua erabiltzea ere gomendatu du.

Bero kolpe bat larria da, eta, ondorioz, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzea gomendatzen da. Bero kolpearen sintomak gorputzaren oso tenperatura altua (39ºC-etik gora edo gehiago), azal gorria, beroa eta izerdirik gabea, pultsazio azkarrak eta buruko min ziztatzailea dira.

NOPLOI-ISPLNk azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da prekauzio berezia erakustea adingabeekin, 4 urtetik beherakoekin, batez ere, 65 urtetik gorakoekin, haurdun dauden emakumeekin eta gaixo kronikoekin eta patologia bat baino gehiago dituztenekin. Komenigarria da adinekoekin egunean birritan gutxienez harremanetan jartzea, beroaren aurrean neurriak hartzen dituztela egiaztatzeko eta beraien osasun egoera onda dela ikusteko, botikak hartzen dituztela kontrolatzeko…

Bertze alde batetik, gogorarazi behar da tenperatura eta hezetasun erlatibo baldintza altuak dituzten, edo esfortzu fisiko handia edo beroa sakabanatzea ezinezko egiten duten arropak edo ekipoak erabiltzea eskatzen duten lanpostuetan bero kolpea jasateko arriskua handiagoa dela. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!