614 autobus ditu Nafarroak. Ohiko zerbitzua, ikastetxeetako zerbitzua, langileentzako eskaintzen dena eta turistikoa eskaintzen dute. Sei milio bidaiari izan dituzte iaz denera. Baina, gero eta gutxiago erabiltzen da garraio mota hori: autobusa.
Arrazoiak aztertu ditu ANETek, Logistika eta Bideko Garraioaren Enpresarien Nafarroako Elkarteak. Zerbitzuaren maiztasunean dago gakoa, hein batean.
Ohiko autobus zerbitzuetan ordutegiak zabaldu beharko lirateke eta Nafarroako txoko guztietara maiztasun handiagoarekin iritsi beharko litzateke. Beharrak zeintzuk diren aztertu eta horren araberako eskaintza egin beharko litzateke.
Eskola garraioari dagokionez, 14.400 ikasle dira egunero autobusez iristen direnak euren ikastetxeetara. 240 ibilbide egiten dituzte guztira autobusek. Hobekuntzak ezarri daitezke, hala nola, Iruñerriko Mugikortasun Planaren barruan kokatzea zerbitzu hau ere.
Erabileran jaitsierarik handiena sumatu dute autobus zerbitzua eskaintzen duten enpresek, lantokietan. Ia ezabatu egin da autobusez lantokira joaten den langileen kopurua. Krisi ekonomikoak asko eragin zuen horretan ANET Elkarteko kideen ustez. Baina diote, etorkizunera begira handitu egin daitekeen aukera bat dela: administrazioak sustatu eginen balu, enpresek onurak izanen balituzte eta langileari ere nolabait aukera hori erraztuko balitzaio.
Autobusek beste zerbitzu bat ere eskaintzen dute: turistikoa edo txangoena. Indartzeko zerbitzu hori, turisten beharretara egokitu beharko litzateke: geldialdiak luzatu adibidez.
ANET Elkarteko kide Ignacio Orradrek uste du badagoela aukera egungo errealitatera autobus zerbitzua egokitzeko eta berriz ere garraiobide erabilien artean kokatzeko: "Mugikortasunerako aukera zabala eskaintzen ahal du autobusak, erronka berriei aurre egiten ahal dien zerbitzua da, baina, balioa gutxietxi egin zaio. Autobusa sustatzea eta Administrazioak ekonomikoki babestea ezinbestekoa da zerbitzuak hobera egin dezan", esan du.
Azpiegitura egokiak ditu autobus zerbitzu egokirako Nafarroak: 3.800 kilometro ditu errepideetan. Autobus geltoki seguruak, 614 autobus, kutsadura gutxien sortzen duen garraiobidea da, %57 txikiagoa da sortzen duen soinua eta hiriguneetako trafikoa arindu egiten du.