7 toki berrien izendapenarekin 13 dira Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiak

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 18a, 18:59

Gobernuak behin betiko inskribatu ditu hiru hilobi, GR-225 mendiko ibilbidea, Etxauriko Memoriaren Parkea, Berako Argaitzeko harrobia eta German Rodriguezen omenezko oroitarria.

Memoria Historikoaren zazpi Tokien behin betiko inskripzioa onartu du gaurko bilkuran jarduneko Nafarroako Gobernuak, jada babes, kontserbazio eta zabalpenerako neurri bereziak dituztenak.

Horrela, joan den apirilean inskribaturiko 6 tokiei, Monrealeko Fosa de la Tejería, Kadreitako Fosa de Valcaldera, Ibilbide Luzeko GR-225 bidexka, Iberoko Fosa del Alto de las Tres Cruces, Etxauriko Oroimenaren Parkea, Berako Argaitzeko harrobia eta Germán Rodríguez Sáizen Oroimeneko Hilarria eta “Gogoan” eskultura gehitzen zaizkie.

Izen ematea, prozesuari entzunaldia eta jende aurreko informazioa eman eta Oroimen Historikoaren Arloko Koordinaziorako Batzorde Teknikoak berretsi ondoren egin da.

Gobernu Saioaren ondorengo prentsa aurrekoan, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak hau adierazi du: “Gobernu honen helburua bizikidetza da eta, bide horretan, memoriak protagonismo handia izan behar du”. Oroimenaren guneek bete behar duten tokiari dagokionez, Ollok adierazi du “funtsezko tokia betetzen dutela oroimena eraikitzeko orduan, belaunaldien arteko transmisioaren bitartez, batez ere. Urrunera joan gabe, joan den astean, 400 ikaslek GR-225 ibilbidearen bi etapa egin zituzten, Oroimena duten Eskolak Programaren barruan, lekukoen, senideen eta adituen lekukotzak zuzenean ezagutuz”.

Amaitzeko, Ollok gogorarazi du, Gobernuarentzat “oroimena ez dela iraganeko kontua, jarrera totalitarioak eta demokraziaren aurkakoak gure lur honetan berriro ez errepikatzera eramango gaituen etorkizuneko proiekzioa baizik”.

“Frankismoaren dekonstruzioa”

Joan den astetik, Iruñeko Sarasate pasealekua, “Frankismoaren dekonstruzioa. Espazio Publikoaren Demokratizazioa. Ikurren kenketa” erakusketa ari da jasotzen. Bertan, sinbologia frankista kentzeko Bakea, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Orokorraren programari esker, espazio publikotik kendu diren 300 sinbolo eta ohorezko aipamen frankista baino gehiago erakusten dira. Erakusketa 09:00etatik 21.00etara bisitatu ahal izango da, ekainaren 21 arte.

Erakusten diren materialen artean, espazio publikotik kendu diren 300 sinbolo eta ohorezko aipamen frankista baino gehiagoetako batzuen jatorrizko ikurrak azpimarratu behar dira. Zurezko edukiontzi baten barruan dagoen erakusketa, Nafarroako Foru Diputazioaren fatxadan zegoen “laureada” kentzeko prozesua irudikatzen duten argazkiekin osatzen da. Horrez gain, mapa interaktibo batek, kendutako ikur asko geo-lokalizatzeko eta ezagutzeko aukera ematen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!