Mendekotasuna duten pertsonen arretarako zentroetan greba deitu du ELA sindikatuak

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 18a, 08:01
Felix Garrido Zentroa. Arg: Avanvida

Ekaineko azken astean eginen dituzte mobilizazioak zentro horietan lan egiten duten langileek. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak eskaintzen duen zerbitzua da eta "soldaten defentsan" eginen dituzte lanuzteak. 

Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroetako langileek eginen dute greba ekaineko azken astean. Eguesibarko Felix Garrido, Tuterko Queiles eta Lizarrako Ordoiz zentroetarako aurreikusi dituzte lanuzteak eta ELA sindikatuak egin du deia. "Lan baldintzak urratu dizkiete langileei eta protesta egiteko beharra sumatu dute", adierazi du sindikatuak ohar bidez. Nafarroako Gobernuak kudeatzen ditu zentro horiek eta azkenaldian hartu dituzten erabakiak ez dira batere bidezkoak ELAren ustez. Ez dira ahalegindu akordioa erdiesten eta soldata %10 eta %15 artean murriztu zaie. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren eta Avanvida enpresaren artean ez da inongo negoziaziorik izan ELAren ustez eta horrek eragin du hein batean lan baldintzen okertzea. 

"Aldebakarreko ewrabakia, negoziazio gabea eta idatzizko komunikazio bidez helarazitakoa izan da", jakinarazi du ELA sindikatuak. Langileek ohar bidez jakin duten euren soldata %15 jaitsiko dela. Egoera hori aldatzen ez bada, bideratzen ez bada, mobilizazioak eta ekintzak eginen dituztela jakinarazi du sindikatuak. Ez dute baztertzen grebara ere jotzea. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!