Pentsio duinak ziurta ditzaten eskatu dute idatziz parlamentuan

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 18a, 07:48

Apirileran ere egin zuten protesta. Arg: @AritzIntxusta

Pentsionistak Martxan, Amona eta Sasoia taldeak kalera atera dira 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ezinbestekoak direla berrestera, Manifestazioa egin dute eta alderdi politikoei eskaria dokumentu batean eraman diete. 

Adostasuna beharrezkoa da pentsio duinak ziurta daitezen. Hala uste dute Pentsionistak Martxan, Amona eta Sasoia taldeek. Manifestazioa egin zuten atzo Iruñeko udaletxe plazatik parlamenturaino. Han, idatzi bat erregistratu zuten alderdi politikoei helarazteko euren eskaria: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ziurta ditzatela. Horixe da eskatzen ari direna. Baina ez hori bakarrik: pentsio sistema publiko bat defenda dezatela ere eskatzen ari dira. Modu horretan bermatuko baitira pentsionisten bizitzak duinak izatea. Modu horretan amaituko baita prekarietatearekin eta pobreziarekin. Hala, uste dute, pentsio duinak ziurtatzeaz gainera lanean ari direnei ere lanpostu egonkorrak eskaini behar zaizkiela eta aberastasuna banatu egin behar dela. Horretarako ezinbesteko jo dute Oinarrizko Soldata 1.200 eurokoa izan beharko litzatekeela. 

2011 eta 2013 urteetako pentsioen erreforma bertan behera uzteko beharra ere agerikoa dela adierazi dute pentsionista taldeek. Nafarroan bada aukerarik eskumenen bidez pentsiodun guztientzat 1.080 euroko pentsioa eskaintzeko eta hori egi bilakatzeko eskatzen ari dira. Fondo pribatuei bestetik, onura fiskalak kentzeko ere galdegin dute. Ehunka lagun atera dira kalera beste behin Gutxieneko pentsioa 1.080. Benetako KPIaren berrikustea. Pentsionistak aurrera, goiburua zeramaten pankartan idatzirik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!