Hauteskundeak 2019

Parlamentuko Mahaiaren presidentetza nahi du Geroa Baik

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 17a, 13:21

EH Bilduk ere Mahaiaren osaeran egon beharko lukeela uste du koalizioak eta PSNk ere ordezkaritza izatea. 

Parlamentuko Mahaiko presidentetza nahi du Geroa Baik legealdi berrian. Hala nabarmendu du Uxue Barkosek agerraldian, eta lehenago, hala iragarri dio alderdi sozialistari bileran. Izan ere, PSNk hiru alderdirekin egin du goizean bilera: Geroa Bai, Podemos eta Ezkerrarekin. Barkosek eskaria garbi azaldu dio: "Parlamentuko Mahaiko presidentetza dagokio Geroa Bairi, eta EH Bilduk ere Mahai horretan ordezkaria izan beharko luke, baita, alderdi sozialistak berak ere. Ahalik eta anitzena izatea nahi dugu".

Eta nor litzateke pertsonarik aproposena Parlamentuko Mahaiko presidentetzarako? Izenik ez du zehaztu Barkosek, gizonezko batez mintzatu da dena dela, baina, "zerrendako edozein hautagai izan daiteke apropos", gaineratu du.

Gobernua osatzeko negoziazioez galdetuta, konfiantza hein batean galduta dagoela onartu du Geroa Baik, batez ere, Udalen osaketan gertatutakoak gertatuta. Dena dela, koalizioak irmo segitzen du aurrerakoia, anitza eta egonkorra izanen den gobernua osatze bidean. 

Asteazkenean osatuko dute Parlamentuko Mahaia. Geroa Bairen proposamena aintzat hartuko ez balitz, zailtasunak egon litezke gobernu aurrerakoia erdiesteko bidean, esan du Barkosek.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!