Iruñea
Gurutzatutako betoak eta urduritasuna
Bozketa bakarra eginen da Iruñeko Udalean, bihar arratsaldeko seietan hasiko den inbestidura saioan. Bozketan gutxienez 14 boto eskuratzen dituen hautagaia izanen da alkatea datozen lau urteotan. Ezein hautetsik lortzen ez badu, zerrenda bozkatueneko hautagaia izanen da alkate - Navarra Sumako Enrique Maia -. PSN eta EH Bilduren arteko gurutzatutako betoak mantenduz gero, azken aukera hori emanen dela aurreikusi liteke.
Atzo bilerara deitu zituen EH Bilduk Geroa Bai eta PSNko kideak, sozialistak ez ziren agertu. Joseba Asironek atzo Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan nabarmendu zuen PSNren jarrera ez dela onargarria: “Betoa ezartzen digute eta gure botoa onartzeko prest daude”. EH Bilduk eta Geroa Baik Maite Esporrin babestuko ote duten zalantza du Navarra Sumako zerrendaburuak, eta horrek "urduri" duela adierazi du egunotan.
Iruñeko Udalean 13 zinegotzi ditu Navarra Sumak, 7 EH Bilduk, 5 PSNk eta 2 Geroa Baik. Iruñeko zinegotzi berriak hemen.
Eguesibar
Geroa Bai edo Navarra Suma, PSNk du giltza
PSNk du giltza Eguesibarren. Navarra Suma izan da zerrenda bozkatuena, 9 zinegotzi eskuratu ditu. PSNren botoekin 12 lituzke. Aldaketako indarrek, ere, 12 izanen lituzkete PSNrekin. Geroa Baik 4 zinegotzi ditu; EH Bilduk, 3; Ahal Duguk eta Ezkerrak bana dute.
Barañain
PSNk du giltza
Litekeenez Navarra Sumak eskuratuko du agintaritza. 8 zinegotzi ditu UPN, Ciudadanos eta PPren koalizioak, Barañainen. PSNren botoak behar dituzte horretarako. PSNk bost eskuratu ditu, hirugarren indarra izan da. Aldaketaren indarrek ere PSN beharko lukete EH Bilduk alkatetzari eusketeko - EH Bilduk 5 zinegotzi ditu, Geroa Baik 2 eta Ahal Duguk bat -. Alternatiba bakarra PSNk gidatutako udala izan daiteke.
Zizur Nagusia
Geroa Baik eskuratu dezake alkatetza
Geroa Baik, EH Bilduk eta AS Zizur herri plataformak bat eginez gero, Geroa Baik eskuratu dezake alkatetza, Zizur Nagusian. Bilera egin zuten atzo, itun aukerak aztertzeko. AS Zizur plataformako zerrendaburuak abstenituko direla iragarri izan du bileraren aurretik. Hala balitz, Navarra Sumak eskuratuko luke alkatetza.
Navarra Suma izan zen nagusi hauteskuneetan, 6 zinegotzi ditu. Geroa Baik 4 ditu; EH Bilduk, 3 eta PSNk eta Zizurrek bina dituzte. Geroa Bai, EH Bildu eta AS Zizur taldeen artean 9 zinegotzi dituzte; Navarra Suma eta PSNren baturak baino bat gehiago. PSN abstenituko dela iragarri du.
Tafalla
EH Bilduk gertu du alkatetza
Akordioa hitzartu dute EH Bilduk, Iniciativa Por Tafalla herri plataformak, Ezkerrak eta Geroa Baik, Tafallan. Lauren artean bederatzi zinegotzi dituzte, Navarra Sumak eta PSNk batuta baino bat gehiago. Hala, PSNk ezin du alkatetza baldintzatu. Jesus Arrizubieta izanen da, beraz, alkate datozen lau urteotan. Zehaztu dute akordioa ez dela legealdirako hitzarmen bat eta ezta gobernua osatzeko akordioa ere.
PSNko alkategaia babestu edo ez aztertzen ari dela jakinarazi du Navarra Sumak. Dane den, herri plataformako zinegotzien botoak beharko lituzte. Navarra Sumak eskuratu ditu boto gehien Tafallan, 5 zinegotzi ditu. Baita EH Bilduk ere. PSNk 3 ditu; Iniciativa Por Tafallak, 2; eta Ezkerrak eta Geroa Baik, bana.
Zangotza
APS eta EH Bilduk akordioa erdietsi dute
APS Zangotzako Talde Progresistako zerrendaburu Lucia Etxegoien izanen da Zangotzako alkate berria datozen lau urteotan. APS eta EH Bilduk atzo lortutako aurreakordio programatikoak ahalbidetuko du. Oposizioan izanen da AISS taldeko independenteak. AISS taldeak 5 zinegotzi ditu Zangotzan; APSk, 4 eta EH Bilduk, 2.
Lizarra
Navarra Sumak hartuko du agintzaritza
PSNren babesa behar du EH Bilduko Koldo Leozek alkatetzan jarraitzeko Lizarran. Haren hautagaitzaren alde bozkatzea onartu du, baina, PSNk. Hala, Navarra Sumaren esku geratuko da aginte makila. Gonzalo Fuentes izanen da alkatea datozen lau urteotan.
Udal hauteskundeetan Navarra Suma izan zen lehen indarra, 7 hautetsirekin. EH Bilduk 6hautetsi lortu ditu. PSNk 3 ditu, eta Geroa Baik, bat.