Musika, bertsoak eta arte-lantegiak Sexu eta Genero Aniztasunaren Nazioarteko Egunean

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 12a, 08:02

Ekainaren 13tik 27ra doako bost jardueraizango dira eskubide-berdintasuna eta bereizkeriarik eza aldarrikatzeko.

Ostegunean gerrilla artistikoaren lantegiak hasiera emango dio, ekainaren 28an LGTBQI+ Sexu eta Genero Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko Iruñeko Udalak eta E28J plataformak antolatutako programazioari. Musika, bertsoak eta arte-lantegiak nahasten dira eskubide-berdintasuna eta bereizkeriarik eza –sexu-orientazio, genero-adierazpen zein sexu- eta genero-identitateagatik– aldarrikatu nahi dituen programan.

Jarduera guztiak doan dira, eta nahi duen edonork parte hartzekoak. Prestatutako bi lantegiak, aldiz, LGTBQI+ pertsonei zuzenduta daude zehazkiago. Osteguneko LGTBIQ+ gerrilla artistikoaren lantegia 18:00etatik aurrera izango da, Harrotun (San Gregorio k., 28). Ahalduntze kolektiborako topagunea izango da; bertan, hainbat arte-teknikaz, parte-hartzaileek adierazpen-tresnak egin eta esperimentatu ahalko dituzte, sexu- eta genero-aniztasunaren inguruan.

Datorren asteko ostegunean, ekainak 20, Nafarroako Antzerki Eskolan bertso-saioa izango da, 19:30etik aurrera; eta sarrera librea izango du, jende orori zuzenduta. LGTBIQ+ Bertso saioan hiru bertsolari emakumek hartuko dute parte; beren inprobisatzeko artea eta beren aldarrikapena ere erakutsiko dute. Amaia Agirre, Saioa Alkaiza eta Maider Arregi arituko dira bertsotan, gaiak Ainhoa Aranburuk proposatuta.

Ekainaren 22an, larunbatarekin, musika ere izango da nagusi, Hickeys talde madrildarraren kontzertuaz. 18:00etan hasiko da, San Jose plazan, eta bertan DJ Anouar ere izango da. Hickeys 2017an sortu zen, 90eko hamarkadako post punk estiloa eta lo-fia uztartuta eta beraiek Glitter punk izendatuta. Beren lehen EPa, Diamond Munch, kaleratuta, Espainiako zein Portugaleko aretoetan barnako bira egin dute; eta Estatu Batuetako ekitaldien arreta jaso dute –New Yorkeko New Colossus jaialdian eta Austineko SXSW-an, esaterako–, baita ere, Erresuma batuko sustatzaileena, hortik itzuli berriak direlarik. Aurten, gainera, honako jaialdi hauetan ikusi ahalko ditugu: Atlantic Fest, Loro Facu, Vértigo, Gigante eta Vive Nigrán.

Articiclo: artea eta aktibismoa

Ekainaren 26rako, asteazkenarekin, LGTBIQ+ pertsonei zuzendutako Articiclo lantegia prestatu da; Harrotun (San Gregorio k., 28) izango da, 17:00etatik 21:00etara. Articiclo hiri-tresna kritikoa da, eremu publikoan aktibismoa artearen bidez bultzatzeko xedea duena. Teknika, diseinua, esku hartzeko ahalmena eta erresistentziako ikusizko edukiak dira, herritarrek eta kolektibitateak eraldaketa-prozesu honetan parte har dezaten. Lantegian, ikusizko gailu mugikor eta ekologikoa diseinatu eta eraikiko da, hirian esku-hartzeak eta arte-deribak egiteko euskarri. Elkarlanean, gifak, testuak, animazio-bideoak, argazki-muntaiak, memeak eta abar sortuko dira, edizio- eta Vj-softwareen bidez, oinarrizko mapping-teknikak eta eremu publikoan proiektatzeko baliabideak ere erabiltzen ikasita.

Izan ere, horixe izango da, hain zuzen, azken jarduera, Sexu eta Genero Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren kariaz prestatutako programan. Ekainaren 27an, ostegunarekin, 22:00etan, Udaletxe plazan abiatuko da hiriko hainbat lekutan izango den Articiclo-ren proiekzioa. Lantegian parte-hartzaileek kontzeptua eta proposamena pentsatuko dituzte, horiek abiapuntu, ikusizko diseinua landuko da, eta jardunaldian ekoiztutako materialak ikusizko biran proiektatuko dira, ostegunean.

LGTBIQ+ Sexu eta Genero Aniztasunaren Nazioarteko Eguneko programazioa

  • Ekainak 13, osteguna. 18:00. Harrotu (San Gregorio k., 28)
  • Gerrilla artistikoaren lantegia
  • LGTBIQ+ pertsonei zuzendua. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea.
  • Ekainak 20, osteguna. 19:30. Nafarroako Antzerki Eskola (San Agustín kalea, 5)
  • LGTBIQ+ bertso-saioa
  • Bertsolariak: Amaia Agirre, Saioa Alkaiza eta Maider Arregi. Aurkezlea: Ainhoa Aranburu
  • Sarrera librea
  • Ekainak 22, larunbata. 18:00. San Jose plaza
  • Kontzertua
  • Hickeys eta DJ Anouar
  • Ekainak 26, asteazkena. 17:00 – 21:00. Harrotu (San Gregorio k., 28)
  • LGTBIQ+ Articiclo lantegia
  • LGTBIQ+ pertsonei zuzendua. Izen-ematea lgtbi@pamplona.es

 

  • Ekainak 27, osteguna. 22:00. Udaletxe plaza
  • Articiclo-ren proiekzioa

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!