Hauteskundeak 2019

PSOEk EH Bilduren abstentzioa onartuko luke Chiviteren presidentetza lortzeko, ez ordea, negoziaketa Asiron alkate izendatzeko

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 11a, 07:41

Jose Luis Abalos PSOEko antolakuntza idazkaria.

Jose Luis Abalos alderdiko Antolakuntza idazkari eta Espainiako Gobernuko Sustapeneko jarduneko ministroak iragarri zuen Maria Chivite lehendakari izateko aurkeztuko balitz EH Bilduren abstentzioa onartuko lukeela. Hala, Diputatuen Kongresuan UPNren babesik ez duela nahi ere esan zuen, Iruñeko Udalari dagokionez PSNren botoak ez dituela Joseba Asironek izanen ere jakinarazi zuen. 

Abstentzioari bai baina negoziazio bideari ez. Horixe esan zuen atzo PSOEk Madrildik. Jose Luis Abalos alderdiko Antolakuntza idazkariak hartu zuen hitza adierazteko Nafarroako Gobernuko presidente izateko Maria Chivitek bere burua aurkeztuko badu onartu eginen dituztela EH Bilduren abstentzioak. Ezinbestekoa du hori Chivitek lehendakaritza postua erdiesteko, aurretik, Geroa Bairen, Podemosen eta Ezkerraren aldeko botoak baldin baditu. EH Bildurekin hori bai negoziaziorik ez duela izanen berretsi zuen Abalosek: "Iruñeko Udalean ez dute gure botoek Joseba Asiron alkate eginen", adierazi zuen. 

PSNk Nafarroan joan den astean egin zituen lehen bilerak zenbait alderdirekin: Geroa Bai, Podemos eta Ezkerrarekin. Aurrerakoia izanen den gobernua eratu nahi duela adierazi zuen Ramon Alzorrizek behin eta berriz bileren ondorengo adierazpenetan. Dena dela, etenda daude bilera horiek lehenbizi udalak eratu nahi dituztelako eta ondoren segituko dituzte negoziazioak. 

Iruñeko Udala larunbat arratsaldean eratuko da, 18:00etan. Navarra Sumak hamahiru hautetsi lortu zituen maiatzaren 26an, EH Bilduk zazpi, PSNk bost eta Geroa Baik bi.

Bestetik, jakinarazi du ez dituela nahi UPNren Kongresuko bi botoak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatzeko, EAJren seiak galtzeko arriskua lukeelakoan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!