Zaborraren inguruan egindako proiektuengatik saria jaso dute Nafarroako bederatzi ikastetxek

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 10a, 18:42

Elizalde eta Solana kontseilariek zaborren kudeaketarako eta prenbentziorako sariak eman dizkiete Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Hezikietako ikasleei.

Isabel Elizalde eta María Solana, Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioko eta Hezkuntzako jarduneko kontseilariek gaur goizean Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ikasleek zaborraren inguruan egindako proiektu berritzaileen sariak banatu dizkiete bederatzi ikastetxeei. Ekitaldian izan da baita Ingurumen eta Lurralde Antolaketako jarduneko zuzendari orokorra Eva García Balager.

Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko Nafarroako Gobernuaren Bulegoak sustatutako sariak Nafarroako ikastetxeek hondakinen prebentzio eta kudeaketa arloan egindako jarduera berritzaileak saritzen ditu, gai horretan eragin-eremua eskolatik harago zabaltzeko nahiz hondakinak kudeatzerakoan eskolan bertan nahiz herrian oihartzun positiboak sortzeko gaitasuna aintzat hartzearekin batera.

Lehen edizio honetara Nafarroa osoko 21 ikastetxe aurkeztu dira, eta hauek izan dira Lehen Hezkuntzako kategorian sarituak:

  • Lehen Saria: Zubiriko Gloria Larrainzar Ikastetxe Publikoa Ingurumenetik plastikoa ezabatzea proiektuarengatik.
  • Bigarren Saria: Tuterako San Miguel de Larraga HLHIP, KONPOS-TE@M: herri bateko biodibertsitaterako proiektuarengatik.
  • Aipamen berezia: Tuterako Huertas Mayores IP, Huertas Mayoresko patruila berdearekin birziklatzen proiektuarengatik.

Bigarren Hezkuntzan:

  • Lehen Saria: Iruñeko Iturrama BHI Institutua, Iturrama berdea proiektuarengatik.
  • Bigarren Saria: Garesko Padres Reparadores Ikastetxea, Etorkizun iraunkorrera itzultzea proiektuarengatik.
  • Aipamen berezia: Iruñeko Julio Caro Baroja BHI Institutua, Zapaldu eta egin pasta proiektuarengatik.

Lanbide Heziketan:

  • Lehen Saria: Corellako Goi Mailako Arte eta Diseinu Eskola, Birziklatuaz guztiok irabazten dugu eta Corellak gehiago proiektuarengatik.
  • Bigarren Saria: Azkoiengo Ribera del Arga BHI Institutua, Ikusi nire nekazaritza eta hiri konpostajea proiektuarengatik.
  • Aipamen berezia: Iruñeko Hezitzaileen Eskola, Mundu iraunkor baterako bidean proiektuarengatik.

Sarituek taldean jarduera bat egiteko aukera irabazi dute; hau da, hainbat proposamenaren artean (mendi-ibiliak egitea, rafting, abentura-parkeak) hautatu ahal izango dute, eta, horrekin batera, proiektuaren helburuak garatzen laguntzeko beste sari bat Ikastetxearentzat.

Bi asteetan zehar, lehiaketara aurkeztutako proiektuak Hezkuntza Departamentuaren atarian erakutsiko dira, eta horien bideoak kontsulta daitezke Prebentzio Bulegoaren web orrialdean.

Zaborrilla familia

Horrez gain, proiektu berritzaileak saritzeko ekitaldian, Zaborrilla familiari buruzko bideoak aurkeztu dira, eta horietan etxean hondakinak ez bereizteko erabili ohi izan diren lau mito antzezten dira:

  • MITOA: Gero dena nahasten dute-eta
  • MITOA: Ez dut betarik bereizteko
  • MITOA: Bereiziaz, lanpostuak murrizten dira
  • MITOA: Nire sukaldean ez dago lekurik hainbeste edukiontzi jartzeko

Gogoratu behar da Nafarroak hondakinen %12 murrizteko eta etxekoen %75a berrerabiltzeko eta birziklatzeko erronka duela 2027rako. Horretarako, ekitaldian nabarmendu duten moduan, “ezinbestekoa da hondakinen kudeaketa ulertzeko gizarteak duen modua aldatzea, baliabide bezala eta ez arazo bezala hartuta, eta ekonomia zirkular berri baterako joera hartuaz; lan horretan, egungo ikasleek garrantzi erabakigarria izango dute”.

Hondakinen Prebentziorako Bulegoak sustatzen ditu sariak, eta Bulego horretan parte hartzen dute Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Hondakinen Kontsortzioak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketak. Denen arteko ekimen horrek, gainera, kudeaketako honako sistema integratuen lankidetza du: Ecoembes, Ecovidrio, Ambilamp, Ecoasimelec, Ecofimática, Ecolec, Ecolum, Ecotic eta Europako Birziklatze Plataforma-ERP.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!