Gazte Txartelak 30 urte beteko ditu aurten. Udarako bereziki gazteei bideratutako ekimen ugari antolatzen dira eta deskontuak izaten dituzte. Bertsolaritza eta antzerki tailerra izanen da berrikuntzen artean aurten, baita, idazketa sortzailea eraikitzeko ikastaroa ere. Baina bestelakoak ere izanen dira: espeleologia, Allozen egiten ahalko diren ur-ekintzak, Zarautzen surf ikastaroak, BTT eta multiabenturak Bidasoan barna, arroila jaitsiera Baztanen, Irunberrin ere uretako ekimenak edota Hondarribian urpean igeri egiteko aukera. 10 euroan eman daiteke izena halako ekitaldietan parte hartu ahal izateko eta Allozen egiten diren ekimenengatik 20 euro ordaindu beharko dira bi egunez ekimenak egiten aritzeko.
Gazte Txartelak bestelako deskontuak ere eskaintzen ditu: 5, 10 eta 15 euro arteko deskontuak jaialdi eta ekitaldi zenbaitetarako: Flamenco On Fire jaialdirako, Music Planet-erako, Leivaren kontzertua ikusteko edo Santaspascuas jaialdirako adibidez. Bidaiatzerako garaian ere txartel horrekin aterpetxeetan egonaldiak egiteko aukera emanen duten deskontuez gozatzen ahalko dute.