Alderdi sozialistak aurreikusiak zituen bilerak amaitu ditu Izquierda-Ezkerrarekin batzartu ostean. Bilera erronda positiboa eta ilusionagarria izan dela nabarmendu du PSNko koordinazio idazkari Ramon Alzorrizek. "Gure borondatea 23 eserleku batuko dituen gobernu aurrerakoia eratzea da eta bide horretan lehen pausoa eman dugu bilera sorta honekin". Herritarrek hauteskundeetan adierazitakoarekin konprometituta segitzen dutela esan du eta ez dutela asmorik Navarra Sumarekin bat egiteko. "Ezkerrekoa eta aurrerakoia den gobernua eratu nahi dugu eta ez dugu Navarra Sumarekin deus negoziatzeko asmorik", jakinarazi du. UPNri mezua helarazi nahi izan dio gaurkoan ere Alzorrizek: "Utzi ezazue Nafarroa lau urtetik behin erabiltzeri, ez dezazue ekarri gurera Kataluniara eraman duzuen krispazioa", adierazi du. Traizioa behin baino gehiagotan egin dietelako eskuinarekin ez direla fio esan du Alzorrizek.
Izquierda-Ezkerra jakitun da eserleku bakarra duela eta horrek ematen dionarekin gobernu aurrerakoia, anitza eta ezkerrekoa eratzeko bere esku dagoen guztia eginen duela dio Marisa de Simonek. " Eskuinak Nafarroaren gidaritza lortu ez dezan lan eginen dugu", jakinarazi du. 23 eserlekuk ez dio emanen gehiengoa gobernu aurrerakoi bati baina betoa ez dio Ezkerrak inori jarri baizik eta PSNk eta horrekin bat ez datorren arren, uste du, badirela aukerak aurrera egiteko 23rekin ere., PSNrekin fio ote diren galdetuta, De Simonek azaldu du alderdi sozialistak behin baino gehiagotan esan diela ez dutela asmorik Navarra Sumarekin bat egiteko eta ezekerreko gobernua osatzeko lanen eginen dutela, Nafarroatik. Horregatik, euren hitzak sinesten dituztela dio.