2017-2020 hezikidetza plana idatzi zuten bost aditu eta beste bost tutore deklaratzera deitu dituzte, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. Skolae landu duten profesiolalei babesa adierazteko ehunka lagun bildu dira atarian, CGT, ELA, ESK, LAB, Steilas eta UGT sindikatuek deituta. Berdintasunaren aldeko adierazpena egin dute.
EH Bildu, Ahal Dugu, PSN, Ezkerra eta Geroa Baiko ordezkariak ere hurbildu dira auzitegi atarira. Txalo artean sartu dira epaitegira.
Txalo artean sartu dira epaitegietara #skolae programako sortzaile eta hezitzaileak
— Euskalerria Irratia (@fm983irratia) 14 de junio de 2019
>>Ehunka lagunek babesa erakutsi diete sindikatuek deitutako agerraldian pic.twitter.com/lIDCYuPoR2
Programaren aurkako hiru demanda daude aurkezturik Nafarroako Auzitegi Nagusian. M18 elkarteak, Concapa eta guraso talde batek aurkeztutakoak dira.
"Beste behin salatu nahi dugu Skolaeren inguruan lanean dauden irakasle eta profesionalek jasan behar duten sorgin ehiza", adierazi zuen Maria Solana gobernuko eledunak deklarazioen berri ematean. Gobernu berriarekin Skolae kolokan ote dagoen galdetu zioten eledunari. Hezkuntza "politikatik at" mantentzeko beharra azpimarratu du: "Gobernu aldaketen gainetik egon beharko luke".
Aldatu ezin diren aurrerapausuak eman direla ere gaineratu du: "Hezikidetzan atzera bueltarik ez duen une batean gaude. Gertatzen dena gertatzen dela, 2.200 pertsona berdintasunean trebatu ditugu". Parlamentuaren gehiengoa "Skolaeren aldekoa" dela oroitarazi du, eta gehiengo horren aurka egitea "zaila" izanen dela sinetsita dago.