Ainhoa Aznarezek argi dauka: “Ferrazen dago erabakia. [Alderdi sozialistan] Herrialdeek ez dute subiranotasunik. Madrilek esanen du zertan geratuko den Nafarroako Gobernua”. Aznarezek ongi daki zertaz ari den; izan ere, 2007ko abuztukada barrutik ezagutu zuen, PSNko kide moduan. Ferrazek PSN Navarra Sumarekin elkartzera behartzen badu, alderdi sozialistako Nafarroako militante gehienek “Esparzarekin ez” esanen diotela uste du: “Gehiengoa dira gobernu aurrerakoiaren aldekoak”. Eta egun -Sanchezek berak PSOEren estatutu federaletan egindako aldaketen ondorioz- gobernua osatzeko zein gobernua beste alderdi bati emateko, militanteen artean galdeketa egitea derrigorrezkoa da.
"Txibite egoera txarrean dago"
Bihar, Ahal Dugu PSNrekin batzartuko da, eta Aznarezek bileran parte hartuko du. “PSNren jarrera zein den entzun nahi dugu”, azaldu du. Halaber, Ahal Duguren jarrera azalduko dietela iragarri du: “Guk esanen diegu, argi eta garbi, gobernu aurrerakoi bati bultzada eman behar diogula”. Dena dela, Aznarezek dio ezin dela ahantzi bi parlamentarirekin “indar mugatua” dutela.
Ahal Dugu-ko parlamentariak ez du begi onez ikusten PSNk EH Bilduri ezarritako betoa: “Ez zait ongi iruditzen betoak jartzea inori. Horrek adierazten du zer nolako Nafarroa dugun. Ez ditut maite aurrerakoien arteko betoak. Beste gauza bat da Navarra Sumari jartzea. Ez nuke nahiko eurek izatea gobernuaren agintaritza eskuratuko dutenak”.
Hori horrela, Txibite jokoz kanpo dakusa parlamentuko jarduneko presidenteak: “Txibitek ez zuen bere burua lehendakari ikusten hauteskundeen aurretik. Uste zuen, inkesten arabera, Barkosek izanen zuela berak baino boto gehiago. Eta gobernua eratuko zuela Barkosek berak. Errazagoa izanen litzateke harentzat, EH Bilduri ez liokeelako betorik jarri beharko. Egoera txarrean dago Txibite”.
Azkenerako utziko dute Gobernua. Chivtek badaki erabaki bat edo beste hartzeak eragina izanen duela. Navarra Sumari uzten badio gobernua berriz ere, Nafarroako sozialistek esanen diote Esparzarekin ezetz. Baina, egia da jende asko prest dagoela PSNren barruan eskuinarekin bat egiteko. Gutxiengoa dela iruditzen zait, baina bada jendea. Gehiago da ezkerreko eta progresista den gobernuaren aldeko.