Hauteskundeak 2019

PSN: "Ez diogu babesa emango Navarra Sumari eta ez dugu elkarrizketarik egingo EH Bildurekin"

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 4a, 16:19

PSNk "23 parlamentariren gehiengoa" lortuz gero Maria Txibite inbestidurara aurkeztuko da. PSNko Ramon Alzorrizen ustez "sintonia ona" izan dute bileran. Geroa Baiko Unai Hualde aurrera pauso gutxi antzeman du.

Hainbat udal, Nafarroako Parlamentuko mahaia eta negoziazioak izan dituzte hizpide PSNk eta Geroa Baik gobernua osatzeko lehengo bileran. Uxue Barkos buru izanen duen Geroa Bairen ordezakeritza batekin batzartu da PSNko ordezkaritza, Nafarroako Parlamentuan, 13:00etan.

Negoziazioa "pozik eta ilusioz" egingo dutela aipatu du PSNko Ramon Alzorrizek bilera amaituta. "23 parlamentariren gehiengoa" du helburu PSNk. Lortuz gero, Maria Txibite inbestidurara aurkeztuko da. Bere ustez, gehiengo osorik ez izatea "garai berri baten isla da" eta modu horretan legealdian akordioak bilatuko lituzkete. Marra gorri bi marraztu ditu: "Ez diogu babesa emango Navarra Sumari eta ez dugu elkarrizketarik egingo EH Bildurekin".

EH Bilduren abstentzioa beharko lukeela gogorarazi diote Alzorrizi. Beste aukera bat jarri du mahai gainean: "Edo maiz PSNri eskatu zaion erantzukizuna eskatu beharko zaie beste batzuri"

Geroa Baik "egonkortasuna" eskatu dio Maria Txibiteri, hala adierazi du Geroa Baiko Unai Hualdek prentsaurrean. "Garrantzia ematen diogu egonkortasuna emango duen gehiengoa lortzeari. Argitu beharko digute hori nola lortu nahi duten". Haren ustez, "talde guztiekin egoera normalizatu batean" hitz egin behar da. Geroa Baik galdetu die "ea benetako borondatea" dagoen. Zalantzak dituztela onartu du Hualdek.

"Ferrazekin sintonian"

Alzorrizen arabera, Jose Luis Abalosek ez du negoziazioa hastearen aurka egin. Jose Luis Abalos PSOEko Antolamendu idazkaria mintzatu zen atzo Maria Txibitek eginen duen bilera errondaz: "Maria Txibite alderdikidea ez da ari zuzendaritzari erronka botatzen". "Arazoa ez da hainbeste Bilduren abstentzioa, baizik eta horrek nola eragingo liokeen gobernuaren egonkortasuna bermatzeko orduan". Ferrazekin sintonia berean daudela dio Alzorrizek. 2007ko abuztuko egoera ez dela errepikatuko adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!