EH Bilduk errepresentazioa lortu duen udaletan zein akordio politika eramango duen azaldu du Joseba Asiron EH Bilduko Iruñeko alkategaiak. Aldaketarekiko duten konpromesua berretsi du; eta Navarra Sumaren aurrean, aldaketa alternatibarik onena dela defendatu du.
Antsoain, Barañain, Lizarra, Tafalla, Atarrabia edota Eguesibarreko alkategaiez lagunduta, aurkeztu ditu datozen hiru astetan jarraituko dituzten irizpideak. Hiru dira, hiru direlako aurreikusten dituzten agertokiak. Hiruetan eskuinari bidea ixtea dute helburu.
Aldaketaren indarrek gehiengoa duten udaletan, aldaketarekiko alde eginen dute, "lehen indarra EH Bildu izan ala ez".
Aldaketaren indarrek gehiengoa ez duten udaletan; baina PSNk baino zinegotzi gehigo dituztenetan, berriz, PSNri eskatuko diote Navarra Sumari bidea ixteko eta bigarren indarraren alde egiteko. Iruñeko kasua litzateke honakoa. Asironen esanetan argi geratu da aldaketaren indarra dela eskuinaren aurrean alternatiba bakarra. Lehia Enrique Maya eta Asironen artean dagoela adierazi du, eta erabat baztertu du Maite Esporrin alkate egitea.
Azkenik, hirugarren eszenatokia honakoa litzateke: gobernagarritasuna sozialisten edo Navarra sumaren artean egotea. Kasu horietan "eskuinari bidea ixteko konpromisoa" hartuko dute.